Aurten, 25. urteurrena ospatzeko lasterketa ezberdina prestatuko dute Ispasterren. Domekarako, nazioarteko txirrindulari gehiago gonbidatu dituzte aurten. Lasterketa nagusian partaidetza interesgarria izango da. Euskal txirrindulari gehienak egongo dira domekan, tartean, Aitor Hernandez iazko irabazlea.
Atzerritik ere ordezkariak izango dira Ispasterren. Belgikatik, Jim Aernouts eta Dieter Vanthourenhout lehiatuko dira Ispasterren, biak ere munduko konpan eskarmentu handikoak. Frantziatik aldiz, Arnaud Labbe, 2007 eta 2010ean garaile izandakoa eta Loic Herbreteau izango dira. Eslobakiatik Robert Glazja, Ondrej Glazja eta Simon Vozarrek parte hartuko dute lasterketan.
Ibilbideak 2,6km-ko luzera dauka. «Zirkuitua joan den urteko berdina da eta egun hauetarako aurre ikusten den euriarekin nahiko lokaztua egongo da, benetako ziklo krosa, izango da» azaldu du Joseba Hidalgo Ipar gorri kirol elkarteko kideak.Aurten gainera, sarrera doan izango da Ispasterko Nazioarteko Ziklo Krosean.
Kadeteen lasterketa goizeko 10:00etan hasiko da eta ordu bete beranduago juniorrena. Goi mailako lasterketa aldiz, 12:30ean hasiko da eta ostean sariak banatuko dituzte.