Boga-boga ontzia lekutik kentzeko agindu du Kosta zuzendaritzak. Ontzia, esku pribatuetan dago une honetan, eta Boga-boga desegiten eta egoera onean dagoen materiala modu ordenatuan biltzen ari dira itsasontziaren jabeak. Oraindik, itsasontzia Marierrotan ontziola zegoen lekuan kokatuta dago baina martxoaren 21erako lekuz aldatu neharko dute.
Hendaian erosi zuten 2006.urtean Hendayako Izarra izena zuen itsasontzia. Erositako lekuan konpondu eta gero, ekarri zuten ona. Hendaiatik Mendexara, etorkizunean Boga-boga ontzia, museo bat egiteko asmoarekin ekarri zuten 2007ko uztailean. Itsasontziaren barneko aldea bisitatu eta lehen ontzioletan egiten zen lana erakusteko hain zuzen ere. Hori horrela izanda, Kosta zuzendaritzak ontzia gune horretan kokatzeko baimena eman zuen. Beti ere, ontzia museo bihurtu eta domeinu publikoko ondasuna bilakatuz gero.
Museo bihurtzeko epea
Asmo hori aurrera eramateko epe bat ezarri zuen Kosta zuzendaritzak eta orain, epe hori agortuta, itsasontzia bertatik kentzeko agindua eman du.
Lea Ibarreko udalek eta Lekeitioko Udalak ontzia berenganatzeko aukera izan dute baina diru gabeziak direla eta, inork ez du ontzia erosi.
Ontziaren erosle faltan, Lea Ibarrak ontzia desegiteko erabakia hartu zuen. Bitarte horretan, esku pribatuek interesa azaldu dute eta Mendexako Udalak jakitera eman duenez, Boga-boga ontzia negozio berri bat jartzeko erosi du Solano Familiak. Kosta zuzendaritzarekin negoziatzen saiatu ostean, ez du ontzia dagoen lekuan mantentzeko traturik egitea lortu eta beraz, martxoaren 21a orduko Boga-boga dagoen lekutik kendu beharko dute.


