Hizkuntza ohiturak hobetzen aritu dira Lekeition egin duten TELP tailerraren lehen saioan
17 lagunek parte hartu zuten atzo arratsaldean egin zen hizkuntza ohituretan eragiten ikasteko TELP ikastaroan. Lekeition, euskaraz gero eta gutxiago egiten dela ikusita, eta Udaleko Euskara batzordearen deiari erantzunez, euskararen inguruan lan egingo duen talde bat osatu da herritarrekin. Martxan jarri duten lehen ekimena izan da TELP (Taller d´Espai Llingüístic Personal).
TELP tailerra hizkuntza ohituretan eragiten ikasteko ikastaroa da eta EMUN Hizkuntza Zerbitzuak eraman zuen aurrera. “Klabea zera da, ingurukoen hizkuntza ohiturak euskalduntzeko, lehenik norberarenak aztertu eta zuzendu behar direla”, azaldu dute antolatzaileek.
Euskara lantaldera sartu eta horiek antolatutako ikastaro eta ekimenetan parte hartzera deitu ditu herritarrak Lekeitioko Udalak. Otsailean, euskararen erabilera indartzeko bideak aztertuko dituzte Jon Sarasuak, Joxerra Gartziak eta Fermin Etxegoienek emango duten hitzaldian. Martxoan, berriz, “arnasgune” tailer bat jarriko dute martxan. “Euskaraz egiteko gabeziak dauden eremuak edo egoerak identifikatu eta horretan eragiteko dinamikak sortzeko tailerra”, .Zapatuan 10:00etan TELP tailerraren beste ikastaro bat egongo da eta bertan beste 15 lagunek eman dute izena.