Akerbeltz gaztetxea zirku bihurtuko da bariku gauean. Seigarren urtez jarraian, bertso txapelketa berezia ospatuko da bertan, eta bederatzi bertsolari irtengo dira pistara.
Hiru taldetan banatu dituzte bertsolariak: Domadoreak, Magoak eta Trapezistak. Guztiek ariketa bereziak egin beharko dituzte, egunerako espreski sortutakoak. «Bertsolari gazteak parte hartzea dugu helburu, horregaitik molde errazeko bertsoak eskatzen ditugu», azaldu dute gaztetxeko kideek.
Hala ere, aurten, oraindik bertsolari beterano nahikoa egongo da gaztetxeko zirkuan. Markina-Xemeingo Gorka Ostolaza Potxis eta Iratxe Ibarra esate baterako. Markina-Xemeingo beste hiru bertsolarik ere hartuko dute parte: Nerea Ibarzabalek, Jokin Arbek eta Joseba Sololuzek.
Etxebarriko Lander Ibarluzea Aitxulua eta Joseba Artza Urtak ere ezagutzen dute Markina-Xemeingo gaztetxeko txapelketa. Eurekin batera arituko dira baita Xabat Galletebeitia lekeitiarra eta Natxituko Ander Elortegi.
Bertsoa, antzerkia eta musika nahastuko dira eta tartean sorpresaren bat ere egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Afaria
Aurten ere, bertso saioa orduko afaria egingo da gaztetxean bertan. Urtero arrakasta handia izaten du eta oraingoan ere sarrera guztiak saldu dituzte. Danetara, 150 lagun batuko dira afaltzeko.
20:30ean da afaria eta saioa 22:00etan hasiko da.