Pelotari Lagun Ororen taldeak ospakizuna egingo du otsailaren 9an, Ondarroan. Egun osoko jaia izango da eta besteak beste, bazkaria eta mahaingurua egingo dituzte pelotazaleek.
Ondarroako Ondar Gain elkartea izango da jaialdiaren lekukoa. Ospakizuna lagunartekoa izango da eta gonbidapena jaso duten guztiei bertara joateko gonbitea egin diete taldeko kideek.

Mezagaz hasiko da «egun handia». Ostean, Jose Maria Totorikaguena Toly bandako zuzendariak lagunduta, txikiteoa egingo dute.
Eta jarraian bazkaria egingo dute, Ondar Gain elkartean. «Juan Mari Iriondo eta Jesus Mari Rementeria izango dira sukaldariak», aurreratu du Pedro Mari Barinagarrementeria Elorrei pelotari ohi eta taldeko kideak.
Bazkalostean Ireneo Ajuriagogeaskoa eta Gregorio Larrañaga Mañukortagaz ipuin kontaketa eta bertso saioa edukiko dute ospakizunean parte hartzen duten pelotazaleek.
Solasaldia eta berbena
Ostean egingo den solasaldia, ostera, Jose Antonio Uriarte Itxaso Oizmendi telebistako zuzendariak zuzenduko du, besteak beste.
Eta Joseba Fonsekak eta Miguel Madariaga Barrinagarrementeriak parte hartuko dute; moderatzailea Xabier Aldamiz-Etxebarria izango da.
Ospakizunagaz amaitzeko, Los leones de Bilbado taldeagaz berbena edukiko dute.
Ospakizunean parte hartzeko, aurretiaz izena eman behar da. Horrela ba, interesatuek taldeko lehendakari Juan Mari Iriondori deitu beharko diote
(665 734 471). «Izena emateko azken eguna otsailaren 3a da».
Egun osoko egitarauagaz, pelotazaleei ospakizunarekin bat egin eta otsailaren 9an Ondarroan egingo duten jaialdian parte hartzeko gonbitea luzatu nahi izan diete elkarteko kideek.