
Joan den zapatuan Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan jokatu zen 2013ko Euskadiko ingude-jasotze txapelketa irabazi du Jose Lapazaran larruskaindarrak. 18 kiloko ingudearekin 92 jasoaldi egin zituen kirolariak minutu eta erdian hemeretzigarren txapela lortuz.
Zelan joan zen proba?
Zazpi kirolari aritu ginen lehian, bizkaikoak hiru, nafarroako bi eta lapurdi eta iparraldeko bana. Zozketa egin ondoren, bigarren ateratzea tokatu zitzaidan. Aritz Izuzkiza nafarra izan zen lehenengoa berandu ailegatu zelako; 79 jasoaldi egin zituen. Ni atera nintzen ondoren. Ondo sentitzen nintzen eta nire erritmoa mantendu nahi nuen azken segunduetan ahal nuen gehien emateko. 92 jasoaldi egin nituen eta gustura geratu nintzen. Josetxo Urrutia Nafarroako txapelduna geratu zen bigarren 86 jasoaldi eginda.
Hendaian jokatu da, azkenean, 2013ko Euskadiko txapelketa.
Ni Euskal Herriko federazioan nago, eta Iparraldeko federaziokoek esan ziguten iaz egin ez zen Euskadiko txapelketa antolatzeko prest zeudela. Horrela Hendaian jokatu da 2013ko txapelketa, aurtengoa berriz, Markina-Xemeinen egitea eskatu dut, Karmen egunean.
Osasun arazo batzuekin ibili zinen iaz, noiz erabaki zenuen Euskadiko txapelketan parte hartzea?
Aurreko astean Aian egon ginen erakustaldia egiten eta 80 bat egiteko asmoa nuen, baina epaileak minutu eta erdi egiteko eskatu zidan. Aurretik lasto altzatzen ibili nintzen eta bost minututara ingude-jasotzen nengoen. 88 jasoaldi egin nituen azkenean. Beraz, fresko egonez gero Euskadiko txapelketan gehiago egin ahal nituela ikusi nuen. Gainera, txapelketetan segurura joaten naiz. Parte hartzen hasi nintzenean nulo bat egin nuen beheko partean txarto jota eta teknika aldatu nuen. Ordutik ez dut sekula nulo gehiagorik egin.
2012ko txapelduna ere zeu zara. Zenbat txapel dituzu dagoeneko?
Ingudeagaz hemeretzigarrena lortu dut, horretaz gainera, hiru ditut gurdiagaz, saku lasterketako bat eta soka tirakoak hiru. Mutrikuko soka tira taldean hasi nintzen eta hantxe lortu nituen hirurak. 2011an lesio bat eduki nuen eta ez nuen txapelketan parte hartu. Beraz, hogei urtetan Euskadiko ingude-jasotzeko hemeretzi txapel jantzi ditut. Bizkaikoei dagokienez, kontatzeari ere utzi egin diot.
Zeintzuk dira zuretzat aurkaririk gogorrenak?
Nafarrak gogorrak dira. Joakin Aioroak 90eko marka gaindituta dauka bai eta bigarren egin duen Josetxo Urrutiak ere, baina oraindik ez didate irabazi. 2011n Euskadiko txapela lortu eta erretiratu egin zen Aioroa iturendarra. Unai Ardeo bizkaitarra ere ondo aritzen da. Gripea pasatuta egon da eta horrek ez dio lagundu txapelketarako, baina, 86 jasoalditan ibiltzen da.
Zeuk erretiratzeko asmorik badaukazu?
Osasun arazoekin ibili naizenean iztea pentsatu dut, baina, medikuak kirola egitea komeni zaidala esan dit, eta beraz, osasunak lagunduz gero, hogeigarren txapelaren bila joango naiz aurten, Markina-Xemeinen.
Hemendik aurrera erakustaldiak izango dituzu?
Pasa den astean hasi ginen eta urrira arte ibiliko gara. Ia urte osoan izaten ditugu erakustaldiak, uda partean gehiago.