Mendexako zubiko etxea deritzona ustiatzeko prozedura abiarazi du Mendexako Udalak. Eskaintza ekonomikorik onena egiten duenarekin sinatuko dute kontratua. Hala ere, adjudikaziodunak, aipatu etxea konpontzeko eta egokitzeko, gutxienez 130.000 euroko inbertsioa egin beharko duela jakinarazi du udalak.
Orain arte eraikina hiru soilairutan banatuta egon da. Beheko soilairuan, taberna eta janari denda, lehenengo solairuan tabernako jabearen etxebizitza eta bigarren soilairuan berriz, partikular bati alokatutako etxebizitza izan ditu. Azken urteetan eraikina hutsik egon da eta horri erabilera emateko asmoarekin udalak prozesua zabaldu du.
Udalak aukeratutako adjudikaziodunak, 2014 urteko hondartza denboraldia hasi orduko taberna-kafetegi zerbitzua ustiatzeko beharrezkoak diren eta egokitzat jotzen dituen mantentze obrak eta egoikitzapenak bukatuta izan beharko dituela azaldu dute. Behin adjudikazioa eginda, zubiko etxea ustiatzeko epea hamabost urtekoa izango da. Urte horietan adjudikaziodunak ez du konpontze eta mantenu lanez gain aparteko diru saririk ordaindu behar izango. Udalak ezarritako epea agortutakoan, bost urteko luzapena eskatu ahal izango dute, beti ere alde biek onartutakoa bada. Epea luzatzen den kasuan, epe horretan, adjudikaziodunak erabileragatik hilean diru kopuru bat ordaindu beharko dio udalari.
Proiektuak baloratzeko irizpideak ere zehaztu ditu Mendexako Udalak. Irizpide objektiboen artean, burutu beharreko inbertsioaren zenbatekoa izango da gehien baloratuko dutena. Horrez gain, irizpide subjetiboak ere kontuan hartuko dira; zerbitzua azaltzen duen txosten teknikoa, Mendexako sektore turistikoa sustatzea, obrak burutzeko oinarrizko proiektua, herri barneko enplegua sustatzea eta euskararen ezagutza besteak beste.
Tabernako ordutegia
Zubiko etxearen beheko solairuan jarri beharreko zerbitzuaren inguruko baldintzak ere zehaztu ditu udalak. Opor garaian taberna kafetegia 10:00etatik 00:00etara zabaltzea baimendu du udalak eta opor garaitik kanpo aldiz 22:00etan itxi beharko dute taberna. Horrez gain, tabernaren proiektuaren arduradunak zerbitzuari atxikitako guneak garbitu beharko ditu.
Proposamenak aurkezteko epea, hamabost egun naturalekoa izango da, adjudikazioaren iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofozialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita eta proposamen guztiak Mendexako Udalean aurkeztu beharko dira.