Gizonezko bat hil da Ondarroan, olatuak uretara bota eta gero
http://www.youtube.com/watch?v=htJK8XQv_yk Gizonezkoa Ondarroako portuaren eta Saturraran hondartzaren artean, uretan, aurkitu dute Gurutze Gorriko arduradunek. SOS deiakek baieztatu duenez, uretara eroritako gizonezkoa hil egin da. 43 urte zituen. Kostaldeak alerta laranjan egoten jarraitzen du, olatuak handiengatik.
Informazio iturriek jakin eragin dutenez, gizonezkoak debekua adierazten zuen baranda pasatu du eta barra puntara joateko bidean aurrera egin du. Bertan, arrantzuan hasi da. Baina olatuak gainez egin eta uretara bota du.
Gizonezkoa uretara erori den momentuan Ondarroako plai musturra jendez bete da.
Gizonezkoa Ondarroako portuaren eta Saturraran hondartzaren artean aurkitu dute Gurutze Gorrikoek. Uretatik atara eta portura eraman dute.
Ertzaintzak jakin eragin duenez, 10:45ean jaso du SOS deiak gizonezko bat uretan zegoen abisua. “Gurutze Gorriko bi lantxa eta Ertzaintzako helikoptero bat bertaratu dira”. Uretatik atara eta portura eraman eta gero, berpizteko lanak egiten hasi dira Osakidetzako medikuak, portuan bertan. Segurtasun sailak jakitera eman duenez, 13:00etan hil da 43 urteko gizonezkoa.
Lekukoen salaketa
Gertatutako guztia ikusi duen herritar batek Hitzara deitu eta ondokoa kontatu du: “Argi dagoena da hil den gizonezkoak gaizki egin duela joan ezin zitekeen tokira joaten. Baina ezin dena onartu da Gurutze Gorriaren jarrera. Bertan, portuan, egonda, 15 minutu baino gehiago behar izan dute bertaratzeko. Neuk deitu dut larrialdietara, eta denbora gehiegi tardatu dute. Ez da bidezkoa. Gertatu dena ezbeharra da eta inpotentzia sentitu dugu plaiko morrotik dena ikusi dugunok. Gizonezkoa uretara nola jausten zen ikusi dut. Eta deia berehala egin dut. Baina salbamenduko taldeak denbora gehiegi tardatu du. Minutu batzuk lehenago helduko baziren, gizonezkoa ez zen hilko”. Salaketa horren harira, Lea-Artibaiko Gurutze Gorriko lehendakariak, bere aldetik, larrialdi deia jaso baino arinago martxan ipini direla esan du. Izan ere, Ertzainak ikusi dituzte portura ailegatzen, eta itsas salbamendukoen abisua jaso aurretik atera dira motordun txalupan. «Nik badakit zain dagoenari minutuak amaitezinak egiten zaizkiola. Baina SOS Deiak-era dei egiten denean, haiek Ertzainei abisatzen diete, Ertzainek gero egiaztatu egin behar izaten dute gertaera. Behin baieztatuta, itsas salbamendura deitzen dute, eta haiek guri», azaldu du. Dei bat jasota, erantzuna emateko 20 minutu dauzkatela eman du jakitera. «Boluntarioak gara, eta geure bizitza arriskuan ipini eta horrelako gauzak entzutea mingarria da».
Gizonezkoa artatu duen medikuak, bestalde, Gurutze Gorrikoen jarrera eta lana akatsik gabea izan dela adierazi du. «15 minutu ez dira ezer, eta Gurutze Gorrikoek ondo baino hobeto jokatu dute. Gainera, Gurutze Gorria orain ez dago zuzeneko larrialdi zerbitzuan, eta hortaz, orain ez dira beti portuko basean egoten. Ezinhobeto aritu dira».
