
Epaiketak eteteko eskatu zuen atzo, Ondarroan
“Lehergailuak egin eta ETA erakundeak Frantziako hegoaldean zituen zuloen kudeaketaz arduratzea» leporatuta, Frantziako Fiskaltzak eskatutako zigor eskariagaz bat etorri da epailea. Atzo izan zen auzi saioa, eta gaur arratsaldean eman dute jakitera epaia. Etxaburugaz batera, Andoni Sarasola eta Alberto Matxain epaitu dituzte. Lehengoarentzako zortzi urteko kartzela zigorra eta bigarrenarentzako sei urtekoa eskatu zuen Benjamin Chambre fiskalak, eta horixe ezarri zien epaileak.
Hiruren artean, gainera, erantzukizun zibilari dagozkion 2.500 euro ere ordaindu beharko dituzte. Zigorra betetzen dutenean, Frantziatik kanporatzeko eskaria ere egin zuen, leporatzen zaizkien delituak «oso larriak» direlako.
Hiru epaituen izenean mezu bat irakurri nahi izan zuen epaiketan Etxaburuk euskaraz, baina Denis Couet epaitegiko presidenteak hitza kendu zion, «zer hizkuntzatan ari zara hizketan?» eta «Frantzian gaude» esanaz.
Elkartasuna, han eta hemen
40 bat euskal herritar joan ziren domekan Parisen. Mobilizazioak auzipetuen herrietan ere egin dira: Ondarroan, elkarretaratzea egin zen atzo Alamedan, eta gaur ere egingo da, 19:30an,
Epaiketak gelditu, konponbideari atea zabaldu! lelopean.