“Udalak ez du zabor bilketa sistemaren inguruko erabakirik hartu”. Horrenbestez erantzun dio Joseba Palenzuela alkateak EAJk zabaldutako albisteari. “Oker ari dira, euren usteak zabaltzen eta herria nahasten”.
Udalak zabor bilketa sistema erabakitzeko parte hartze prozesu zabala antolatu nahi du. Baina erabakia hartu ahal izateko, benetako informazioa eta datu errealak biltzea ezinbestekoa dela pentsatzen du. “Mankomunitateak kontratatuko duen teknikariaren lana, hori izango da, hain zuzen ere. Erabakiak hartzeko derrigorrezkoa da azterketa eginda edukitzea eta informazio zuzena eskuartean izatea, eta ez usteekin eta bakoitzak pentsatzen duenarekin aritzea”. Udala parte hartze prozesua abian jartzeko oinarriak jartzen ari da momentuan, eta hurrengo pausuak definitzen.
“Baina galdetu beharrean, Mutrikuko EAJko bozeramaileak, beste behin ere, kale egin du, eta errealak ez diren datuak zabaldu ditu”, gaineratu du alkateak.
Herri galdeketa eskaria
EAJ udal taldeak, bere aldetik, Bilduk irailean atez atekoa inposatu nahi duela adierazi du, erabaki horren aurka azaldu diren 1.700 mutrikuarren iritzia alboratuta. «Nahiz eta ezer ez dagoela erabakita esaten diguten, Mankomunitateak tekniko bat kontratatzea erabaki du ‘txintxilikarioak’ jartzeko», adierazi du Joseba Antxustegi bozeramaileak. Bilduk «gezurra» esan duela ere esan du, eta benetako asmoak «ezkutatu» dituela. Antxustegik gehitu duenez, udalak «entzungor» egiten dio bosgarren edukiontziaren aldeko plataformaren eskariari, hain zuzen ere, herri galdeketa bat egiteko eskariari.