Erdialdeko Pirinioetan, Luchonen (Frantzia) jokatuko da etzi Euskal Herriko Koparako lehenengo proba puntuagarria. Frantziako, Aragoiko eta Euskal Herriko mendi eskiatzaileek hantxe edukiko dute hitzordua, tartean Nahia Quincoces mendexar gazteak.
Banakako lasterketa egongo da jokoan, igoeragaz eta jaitsieragaz, eta zirkuitoan eskiak kendu eta beste modu bateko probaren bat egin beharko dute parte hartzaileek. Zein proba izango den elurraren baldintzen arabera erabakiko dute lasterketaren antolatzaileek azken momentuan.
Mendexarra gogotsu doa, eta irabazteko ahalegina egingo duela esan du. Proba «luzea eta era askotakoa» izatea espero du, berari gustatzen zaion modukoa, hain zuzen ere. Edonola ere, garrantzitsuena lasterketa ondo egitea dela dio. Izan ere, hori da bere aurtengo asmoetako bat: Euskal Herriko Kopan maila ona ematea. «Beste birritan egon naiz Luchonen, eta oso lasterketa polita da», adierazi du.
Euskadiko Mendi Federazioko Mendi Eski Taldea bihar aterako da bidaian.