Otsailaren 2ko itsas denboraleak eragindako kalte ekonomikoen inguruan hitz egitea da bileraren helburua.
Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak Eusko Jaurlaritzak egindako deiari erantzungo diola jakitera eman du Mutrikuko Udalak. Beragaz batera, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainontzeko alkateak egongo dira. Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburuak bertatik bertara jasoko du itsas denboraleak Lea-Artibain eta Mutrikun eragindako kalteen berri.

Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea, joan den astean, Gipuzkoako Foru Aldundian batzartuta.
Bilera ospatu aurretik, Jaurlaritzak alkateei herri bakoitzean egondako kalteen balorazioa egiteko eskatu die, eta datu horiek euren esku lagatzea. Gastuen estimazioa eramateaz gain, Mutrikuko alkateak “Jaurlaritzaren sail ezberdinen eskumenekoak diren azpiegitura eta guneen konponketaren gainean galde egingo dio sailburuari. Zehazki, dikea, energia planta, eta Mijoa errekaren itsasoratzea izango dira alkateak mahairatuko dizkion gaiak”, adierazi dute Mutrikuko Udaletik.
Mutrikutik jakitera eman dutenez, “ez da alkateak gai honen inguruan
erakundeekin egiten duen lehen bilera.
Joan den astean Aldundian bildu ziren Gipuzkoako alkate guztiak, Martin Garitano Ahaldun nagusiak deituta. Bertan izan ziren Kosten Mugapeneko ordezkariak ere. Bileran herri bakoitzak kaltearen balorazio ekonomikoak egin eta berriro biltzekotan gelditu ziren. Horretaz gain, lanak lehentasunaren arabera egiten hastea ere adostu zuten”.