Espetxe politikaren salbuespen egoeragaz amaitzea exijitu du Lekeitioko, Munitibar eta Aulestiko Udalak
Lekeitioko Udalak, Bildu eta EAJren aldeko bozkekin espetxe politikaren salbuespen egoerakin amaitzea exijitzen duen adierazpen instituzionala onartu du. “Lekeitioko Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen ditu, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerakin amaitzea aldarrikatzen du”, adierazi dute.
Lekeitioko Udalak bat egin du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminagaz eta bere elkartasuna adierazi dio familiari une latz horretan.
Adierazpena hainbat erakundetara bidaliko dute, “giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko”: Ararteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Eudel, Gotzaindegia, Amnistía Internacional eta Legebiltzarra.
ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Arkaitz Bellon Blanco Elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100km-ra hilda agertu da otsailaren 5ean. Bere zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean.
Heriotza honen aurrean, Lekeitioko Udalak bat egiten du Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean eta bere elkartasuna adierazten dio familiari une latz honetan. Era berean irmoki eskatzen du Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz. Horregatik, Lekeitioko Udalak bat egiten du familiak eskatutakoarekin, konfiantzazko medikuak autopsian parte hartzea, alegia.
Lekeitioko Udalak pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen dauz, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerakin amaitzea aldarrikatzen dau:
Egoera hau beti izan bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina bihurtzen da gure herrian zabaldu den errealitate berrian.
Gauzak honela, salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da.
Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak bat egitea sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.
Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.