
Gernikaldea zentroa
Etxe guztietara bidalitako gutun bidez, Osakidetzak larrialdietako zerbitzua –pediatria eta traumatologia barne–ezin hobea izango zela zabaldu zuela kritikatu du sindikatuak. ELAk dioenez, baina, “inoiz ere ez da espezialistarik egon” Gernikako ospitalean, “eta ez dago ez langile nahikorik ezta baliabide material egokirik ere larrialdi zerbitzua duintasunez emateko eta gaixoak behar bezala artatzeko”. Hori dela eta, Osakidetzari exijitu dio “nahikoa langile eta baliabide” bidera ditzala, “larrialdi zerbitzu duin bat eman ahal izateko”.
Datuetan sartuta, esan du txanda bakoitzean bi sendagile eta bi erizain baino ez daudela, “eta sarreran zeladore eta administrari bat besterik ez” daudela. Osakidetzak esandakoari kontrajarriz, salatu du traumatologia eta pediatria zerbitzuen beharra daukaten pertsonak Galdakaora edota Gurutzetara –umeen kasuan– bideratzen dituztela. “Horrez gain, 00:00etatik aurrera ez dago laborategiko teknikaririk eta analitikak egiteko erabiltzen den makinak errakuntzak ematen ditu behin eta berriz”.
Horren guztiaren ondorioz, itxaronaldiak zortzi ordura artekoak izaten direla kritikatu du ELAk. “Emaitza zerbitzu txarra da, zortzi orduko itxaronaldiekin, analitika okerrekin eta Osakidetzak engainatuta sentitzen direla-eta haserre dauden gurasoekin”.
Bestalde, segurtasun zerbitzurik aurreikusten ez dela kritikatu du sindikatuak, “eta zerbitzu txar hau pairatzen ari diren pertsonek bere haserrea langileengana bideratzen dute, benetako arduradunak ospitaleko buruak eta Osakidetza bera direnean”. ELAren arabera, langileek zein gaixoek ehunka kexa eta inzidentziajarri dituzte, egoera “onartezina” dela iritzita. “Ospitaleko langileen segurtasuna” berma dezala eskatu dio ELAk Osakidetzari.