
Asteburuan lehiatu den Open Ternua Altitoy mendi eski lasterketa irabazi dute Nahia Quincoces mendexarrak eta Amets Maiztegi hondarribiarrak. Pirineoko hitzordurik garrantzitsuenak, mendiko eskiatzaile onenak bildu ditu asteburuan Luz Ardiden herri inguruko mendietan.
Pirineoetako lasterketarik gogorrena eta luzeena izan arren, “gustora” ibili zen Nahia Quincoces. Eguraldi txarraren ondorioz, zapatuko ibilbidea aldatu egin behar izan zuten antolatzaileek, eta Bareges baso artetik ibili ziren eskiatzaileak. “Ibilbidea laburragoa izan zen, eta basoan zehar babestuago ibili ginen eguralditik”, azaldu du Nahia Quincocesek. Aldaketaren ondorioz, 2.100 metroko garaiera izan zuen ibilbideak zapatuan eta ia 2.200 metrotakoa domekan. Bietan geratu ziren lehenengo Quincoces eta Maiztegi. “Talde lana izan da, Altitoy alkarregaz egiten dugun laugarren aldia izan da aurtengoa eta ondo konpondu gara”, adierazi du mendexarrak.
Momentu hunkigarriak ere bizi izan dira aurtengo mendi eski lasterketan. “Lasterketako zuzendari zena Andoni Areizaga hil zen iaz auto istripuz eta omenaldia egin dute bere oroimenez”, aitatu du Quincocesek.
Izena emanda zeuden 580 partaideetatik 462 bikotek amaitu dute proba osoa, eta tartean izen handi asko. Gizonezkoetan, Wilfrid Jumere eta Alain Bellagamba izan dira garaileak. Bigarren egin dute Franck Asserquet eta David Poncet frantziarrak, eta Christophe Carrere eta Loïc Thevin geratu dira hirugarrenak. Emakumeetan, berriz, Maddi Arrazolak eta Uxue Frailek egin dute Nahia Quincoces eta Amets Maiztegiren atzetik; hirugarrenak Anna Rovira eta Ares Izard izan dira.
Bi aste barru edukiko du hurrengo proba Nahia Quincocesek: Euskal Herriko Txapelketako lasterketan parte hartuko du Isaban.
Argazki galeria [nggallery ID=120]