Geoparkea: bisitarien begiradetatik hurbil
Aldundiaren eta La Caixaren hitzarmen baten baitan, Euskal Kostaldeko Geoparkean 55 kilometroko ibilbidea prestatu dute, natur baliabideei balioa eman eta baztertzeko arriskuan dauden kolektiboei lana eskaintzeko.
Bisitariek inguruko leku interesgarrienak ezagutzeko aukera eskaini eta Geoparkearen ikuspegi osoa jaso eta bertako balio naturalak eta kulturalak ezagutu ditzaten, 55 kilometroko ibilbidea prestatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Begiratokien ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak eta La Caixak azken urteotan duten hitzarmenaren baitan egin da. Hitzarmen horren helburua bikoitza da: alde batetik, Geoparkeko natur baliabideei balioa ematea, eta, beste alde batetik, baztertuak izateko arriskuan dauden kolektiboei lana eskaintzea.Ibilbidean zehar hamabost begiratoki prestatu dira, eta horietara autoz ailegatu ahal izango gara, edo oinez, aparkalekutik hamar bat minutuan»
Begiratokietan jarritako informazio panelek ingurune horretako bilakaera geologikoa zein izan den erakusten dute, «koralez betetako itsaso tropikalak estaltzen zuenetik egungo paisaietara». Begiratokietatik 100 metrotik gorako itsaslabarretara gerturatu ahalko dira bisitariak, flyscha bere handitasunean ikusteko. «Flyscheko geruzak irakurrita, Yucataneraino egingo dugu bidaia, eta dinosauroak zergatik desagertu ziren ulertuko dugu». Bidea jarraituz, Olatz eta Lasturko bailara ezkutuak ezagutzeko aukera egongo da: 150 metro inguruko haitz ikusgarriak utzi ditu han milaka eta milaka urteetan urak eragindako higidurak. «Ia isolaturik gelditu diren bailaretan antzinako gure arbasoen aztarnak bizirik diraute, Ekain eta Praileaitzeko kobazuloetan».
Erakartzeko mapak Ibilbidearen ikuspegi orokorra izateko eta bisitariari bidea errazteko, Euskal Kostaldeko Geoparkeak mapa turistiko bat argitaratu du. Diseinu erakargarriarekin, bertan erraz aurki daitezke interesgune nagusiak, bai geologikoak eta bai ekologikoak eta kulturalak ere. Mapan, izan ere, Geoparkeko begiratokien ibilbidea osatzen duten hamabost informazio panelen kokapenak jaso dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. «Euren kabuz bisita egin nahi duten bisitarientzat oso erreminta baliagarria izango da». Mapa euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez editatu da. «Atzeko aldean, bisitarientzako informazio praktikoa dakar, alojamendu, museo eta turismo bulegoen helbide eta telefonoak», zehaztu dute. Deba, Zumaia eta Mutrikuko turismo bulegoetan –Txurruka plaza, z/g, 20830– eta Algorri eta Nautilus interpretazio zentroetan eskura daiteke mapa, doan. Horrez gain, mapa PDF formatuan deskargatzeko aukera ere badago. Horretarako www.geoparkea.com webgunean sartu baino ez da egin behar. Egitasmo horrekin Geoparkeak pauso berri bat eman du natura-turismoaren eskaintza garatzeko eta Gipuzkoako lehen kultur eskaintza bilakatzeko.Geoparkea bistaratzeko urratsak Euskal Kostaldeko Geoparkea bistaratzeko urrats berri bat eman dute azken egunetan. Bizkaia atzean laga eta Gipuzkoako sarrera, Ondarroatik Mutrikurako bidean –argazkian– ikus daiteke Geoparkea dioen panela. Mendarotik Debarako errepidean eta Oriotik Zumaiarakoan ere ageri dira horrelako panelak. «Jendeak sarritan ez du jakiten Geoparkean dagonik. Gure eremua zein den irudikatzea garrantzitsua da», adierazi dute Geoparkeko kideek. larraitz ibaibarriaga etxaburu