Izaban asteburuan jokatuko den lasterketan «onena» ematen saiatuko da Nahia Quincoces mendexarra. «Irabaztea ez da erraza izango, baina lasterketa horretarako ilusioz eta gogotsu nago, eta onena ematen saiatuko naiz», esan du Quincocesek.
Izaban jokatuko da Euskal Herriko koparako puntuagarria izango den bigarren proba, eta Euskal Herrian egingo den bakarera. Horrek are bereziagoa egingo du asteburuko proba mendexarrarentzat. Banakako lasterketan eta krono igoeran lehiatuko da.

Elurraren baldintzak direla eta, antolakuntzak azken momentuan Bandres Karolo memorial lasterketako baldintzak aldatu egin ditu. Hori dela eta, zapatuan, Linzatik hasi beharrean Belaguatik abiatuko dira eskiatzaileak. Mendiko probak A eta B ibilbidea izango ditu. Lehenengoa 08:15ean hasiko da, eta bigarrena, berriz, 08:30ean. Quincoces A ibilbidean lehiatuko da, eta ibilbidea bukatzeko 1.750 metroko malda gainditu beharko du, 17 kilometroko ibilbidean.
Asteburukoa lasterketa berezia izango da Quincocesentzat. Izan ere, joan den urtean hildako Karolo laguna omenduko dute Izaban.