Denboraldia bukatzeko zortzi partidu baino ez zaizkio gelditzen Lekeitio F.T-ko gazteen taldeari. Orain arte lana ondo egin dute eta horrek, goiko mailara begira jarri ditu Lekeitioko mutilak.
Taldeak orain arte egindako lanarekin pozik dago Egoitz Akarregi Zarate taldeko entrenatzailea. «Denboraldi honetarako jarrita genituen helburuak bete ditugu eta hori pozik egoteko modukoa da» aipatu du. Taldeak denboraldi honetarako Euskal Ligan mantetzea jarri zuen helburu eta lortutako 53 puntuek Euskal Ligan jarraitzea ez ezik, maila bat gorago jokatzea ere ahalbidetuko dio futbol taldeari. «Sorpresa handia izan da Euskal Ligan lortzen ari garen emaitzak eskuratzea, nik ez nuen espero, maila honetan talde oso onen aurka lehiatzen baikara» azaldu du Akarregik. Pasadan urtean lehenengoz Euskal Ligan jokatu zuten eta denboraldi zail baten ostean mailaz ez jeistea lortu zuen Lekeitio F.T-k. «Lehen esan dudan moduan gure helburua maila mantentzea lortzea da, azken batean Lekeitiokoa moduko talde batentzat Euskal Ligan jokatzea sari bat da eta horrela ulertu behar dugu». Akarregiren iritziz ez da erraza izango denbora luzez maila hauetan jokatzea, hori dela eta, taldeko mutilei futbolaz gozatzeko gomendio eman die.
Duela bost urte kolpe zion lehenengoz Lekeitio F.T-ko gazteen taldeari. Momentu hartan, egoera konplikatuan zegoen taldea, lehentasunezko mailan. Ordutik, egindako lanaren ondorioz, bi aldiz mailaz igotzea lortu du taldeak. Akarregik meritua ez dela entrenatzailearena soilik uste du. «Azken batean klubak egin duen apustua da garrantzitsuena; lan asko egin dute talde guztiak ondo koordinatzeko eta egindako esfortzuaren emaitzak baino ez dira gure taldeak edo besteek lortutako emaitzak» dio Akarregik. Taldearentzat une garrantzitsua izan zen lehentasun mailan mantentzea lortzea, entrenatzailearen iritziz taldeak konfidantza irabazi zuelako eta horrek geroko emaitza onak ekarri ditu.
Herriko jokalariez osatuta
Lekeitio F.T-ren ezaugarriak dituen talde gutxi daude goiko mailetan. Talde gehienek kanpoko jokalariak hartzen dituzte taldean eta Lekeitiokoa ostera, gehienbat herriko jendeaz osatuta dago. «Talde gehienak selekzio antzeko taldeak izaten dira, propio aukeratutako jokalariak izaten dituzte taldean, gurean Berriz eta Markina-Xemeingo jokalari daude, taldeko hutsuneak estaltzeko ezinbestekoak izan direlako, atezainaren hutsunea esaterako» gaineratu du Akarregik. Herriko talde baten izaera dutela nabarmendu du taldeko entrenatzaileak.
Azken txanparen atarian dago Lekeitioko taldea eta orain arteko lan egiteko moduarekin jarraitu behar dutela azpimarratu du taldeko entrenatzaileak. «Momentu honetan taldea dagoen moduan, igoerara begira lan egin behar dugu» esan du. «Gauzak asko aldrebestu behar zaizkigu mailaz ez igotzeko, baina dena gerta liteke eta oraindik taldea ezin da erlaxatu».
Taldearen martxa onak ikara apur bat ere ematen dio entrenatzaileari. «Helburuak beteta ditugula ikusteak, taldekideak lasaitu ditzake eta hori une honetan arriskutsua izan daiteke» azaldu du Akarregik. «Oraindik zortzi partidu geratzen zaizkigu eta zortzi partidu hauetan urte guztian erakutsi dugun aurpegi berdina erakutsi behar dugu, nire lana alde horretatik, geratzen den partiduetan mutil guztiak oraindik erne mantentzea da». azaldu du taldeko entrenatzaileak.
Aurkari gogorrak
Mailaz igoz gero, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako talde oso onak izango dituzte aurkari gisa Lekeitioko mutilek. Esaterako, Atlhetic eta Erreala moduko taldeak izango dituzte aurrez aurre. Datorren urtera begira taldekideekin hitz egin beharra beharrezkoa ikusteko du taldeko entrenatzaileak. «Datorren urtean lehia gogorra izango da, talde aurkariak oso gogorrak izango direlako hala ere, ikasteko eta gozatzeko aprobetxatu behar dugu».

Taldea izaera landu eta garatzeari garrantzia handia ematen dio Lekeitio F.T-ko entrenatzaileak. «Gure taldearen indargune bat talde sentimendua da, beste aspektu batzuetan ez dut uste gure aurkariak baino hobeak garenik baina talde sendo bat izateak besteen aurrean indaru egiten gaitu» azaldu du Akarregik. Futbolean jokatzen hasi zirenetik elkar ezagutzen mutilek osatzen dute gazteen taldea eta hauetako gehiengoa herrikoak dira, denek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. «Denboraldia luzea da eta bitarte horretan taldeak gorabehera asko izaten ditu, momentu zailak izaten ditugu eta une horiei aurre egiteko ezinbestekoa da talde sendo bat izatea» gaineratu du Akarregik.
Herriko mutilez osatutako taldea izateak desabantailak ere baditu. Lekeitio ez da herri handia eta horren ondorioz taldeko jokalarien kopuru urria da entrenatzailearen iritziz beraien ahulezia nagusia. «Hamasei jokalari baino ez daude taldean eta beraz, nire aldetik ere taldea gehiago zaindu beharra eskatzen du horrek, entrenamendu saioetan tentez ibili behar izaten dugu jokalariek minik har ez dezaten». Taldekide gutxi dauden taldeetan jokaleriren baten hutsunea asko igartzen dela esan du.
Gazteen mailan jokatzen duten mutilen adina disziplinarako oso konplikatua da. Ikasketak, jaiak eta lagunekin egoteko premia askotan futbolarekiko duten zaletasuna alboratzen du. «Ez dira jokalari profesionalak eta mutilek beraien gauzak dituztela ulertu beharra dago baina disziplina minimo batzuk beharrezkoak dira taldeak behar den moduan funtzionatu dezan» azaldu du Akarregik.