Lekitto Bedarra taldeak Nekazaritza birsortzailearen euskal nodoa izeneko ikastaroa antolatu du martxoaren 1erako. Deialdia Euskal Herri mailan egin dutela jakin eragin dute taldeko kideek. Bide beretik, joan den asteburuan egindako inuzketa ikastaroan parte hartu zutenek ikastaroaren balorazio «oso ona» egin dutela esan dute elkarteko kideek.

25 lagunekin egin zuten joan den asteburuan inuzketa ikastaroa. «Oinarrizko pautak errepasatu zituzten parte hartzaileek eta praktikak sagar, madari eta okaran zuhaitzekin egin zituzten», azaldu dute Lekitto Bedarrako kideek.
Aurrera begira, Lekitto Bedarrak hasitako bidean aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi zuten parte hartzaileek. «Ikastaro horren helburua ez da bakarrik inuzketan trebatzea eta ikastea, harremanak sendotzea eta partaideen artean auzolana bultzatzea eta ortugintzarako zaletasuna partekatzea ere badira».

Herritar batzuk ikastarotik kanpo geratu ziren, plazak mugatuak zirelako. «Sentitzen dugu kanpoan gelditu direnengatik. Ikastaroaren kalitatea mantentzeko, plazak mugatu egin behar izan genituen», argitu dute.
Bigarren ikastaroa, martxoaren 1ean
Edukitako parte hartzeagaz pozik daudela ere esan dute. Eta ondorioz, datorren astean, martxoaren 1ean, bio ongarriari buruzko ikastaroa eskainiko dute. «Ikastaro hori Oleta bidean dagoen Amillako baserrian egingo da eta Euskal Herriko hainbat nekazarik eta otugintzan dabiltzan norbanakoak hasi dira izena ematen».
Besteak beste, ikastaro horretan ongarri naturalak zelan sortzen diren, eta lurraren kalitatea eta osasuna zelan aztertu ikasiko dute herritarrek.
Ikastaroa Pako Saenzek gidatuko du eta doan izango da. Kostu bakarra bazkariarena izango dela esan dute. «Otsailaren 27a izango da izena emateko azken eguna». Izena emateko herritarrek posta bidali (pete0010@gmail.com) edo deitu egin beharko dute (688 661 317).
Biharko hitzordua
Baina datorren astean ikastaroa edukitzeaz gain, asteon, betiko hitzorduari eutsi dio taldeak. Horrela, etzi, 09:00etatik 12:30era Usotegin beharrean jarraituko dute. «Parkeko eraikina barrutik eta kanpotik zementuagaz indartuko dugu».