
Txitxiburduntzi, sasikoipetsu, basokoipetsu, basatoste, basaroste, sarteneko… Hainbat izen, ohitura bakarra. Hainbat herri, bakoitzak berea.
Antzina egun hori ospatzeko mendira joan ohi ziren, sua prestatu eta makilatxo baten bitartez, txorizo, txistorra zein bestelako txarrikiak jaten omen zituzten. Ohitura horrengandik ez hain urruti, gaur egun ere asko eta asko dira egun horri uko egiten ez diotenak. Zotza eskuan, txarrikiak sutan erre eta jateko aukera aprobetxatzen dute, lagun, familia zein ikaskideen konpainian.
Inauteriei hasiera emateko aukera paregabea dela deritze batzuek; hori dela eta, jai giroan murgiltzeko ospakizunei tartea egiten diete beraien egutegietan. Hala, txarrikien jana ez ezik, dantzak, musika, jolasak eta bestelakoak ere izaten dira egun horretan. Horrela izango da Lea-Artibai eta Busturialdeko herrietan ere. Batzuek asteburuan ospatuko dute Txitxiburduntzi, eta beste batzuek hurrengo astean.
Udalek, herriko elkarteek zein eskolek antolatuta, koadrilak zein ikasleak batuko ditu Txitxiburduntziak. Busturialdean, esaterako, Ajangizen, Busturian, Ean, Ereñon, Foruan, Gautegiz Arteagan, Gernika-Lumon, Mendatan eta Nabarnizen ospatuko dute. Lea-Artibain ere Sasikoipetsu eguna aprobetxatuko dute txarrikiak jateko; hala nola, Aulestin, Berriatuan eta Munitibarren. Beste hainbat herritan ere zer edo zer egingo dute eskolako ume eta irakasleek.
EGITARAUA HERRIZ HERRI
Aulesti
Otsailak 23. 10:15ean batuko dira Santa Eufemia azpiko bolatokian. Mendira igoko dira, eta gero txorizo errea jango dute.
Otsailak 27. 12:30etik aurrera egingo dute txitxiburduntzia eskolako umeek, eskolan bertan.
Berriatua
Otsailak 27. 14:45etik aurrera, ikasleek ekartzen dituzten txorizo, bacon, saltxitxa, solomo eta gainontzekoak erre eta jango dituzte eskolako patioan.
Munitibar
Otsailak 27. 15:00etan eskolako umeak txitxiburduntzia egiteko batuko dira herriko plazan (Eguraldi txarra eginez gero, frontoian). Bertan, ikasleek eramandako produktuekin txitxiburduntzia egingo dute. Zotzak egunean bertan egingo dituzte.