Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Batzordeagaz izan dute bilera preso politiko ondarrutarraren mediku eta abokatu taldeak eta Iparra Galdu Baik plataformako kideek. Iparragirre 2010ean atxilotu zutenetik gaur egunera arte bizi izan dituen egoeren berri eman diete Jaurlaritzako ordezkariei. Joan den martxoaren 7an gertatutako atxiloketa ez dela «gauza normala» ulertuta, instituzionalki euren eskuetan dagoena egingo dutela esan die batzordeko arduradunak senide, abokatu eta medikuei. Iparragirrek 11. eguna beteko du gaur preso Basauriko kartzelan, eta senideek informazio berririk jaso barik jarraitzen dute. Bihar da batzekoa Basauriko tratamendu junta, baina abokatuek ez dakite Iparragirreren egoera aztertuko duten.
Bestalde, Iparragirreren egoeraren berri emateko,
batzar informatiboa deitu du eguenerako (martxoak 20) Iparra Galdu Baik plataformak, Guzur Etxean, 19:00etan. Herritarrei bertara joateko dei egin diete.

Osasungintzako mobilizazioa egin zen barikuan
LAB sindikatuak deituta, Galdakao-Usansoloko sarreran batu ziren joan den barikuan herritarrak eta osasungintzako kideak. Preso gaixoen berehalako etxeratzea eskatu zuten elkarretaratzean. Espainiako Estatu mailan ere hasi dira ekimenak aktibatzen.

Urgentziazko osoko bilkura egin zen barikuan
Ondarroako Bildu udal taldea: «Ibon, etxera!»
Giza eskubideak errespetatuko dituen espetxe politika baten alde eta Ibon Iparragirre herritarraren etxeratzearen alde, urgentziazko mozioa onartu zuen joan den barikuan Ondarroako Bildu udal taldeak. “Kartzela eta osasuna ez dira bateragarriak. Baldintzapeko askatasuna da bai Ibonentat eta bai gaixotasun sendaezinak dituzten preso gaixoentzat neurririk egokiena”. EAJko udal ordezkaririk ez zen egon udalbatzarrean. Mozioa Bilduren aldeko botoekin atera zen aurrera.