
Giro bikaina bizi izan zen joan den zapatu arratsaldean Markina-Xemeingo pilotaleku nagusian. Eskualdeko eta inguruetako zaletuez, –milatik gora–, bete ziren frontoiko harmaila guztiak, eta Andoni Aretxabaleta pilotari markina-xemeindarrarentzako animoak ez ziren falta izan.
Ondo hasi zuten partidua Titin III.ak eta Merinok. Errioxarrak aurretik jarri ziren (0-5) Titin III.aren joko bikainari esker, eta gogor borrokatuko zutela zirudien. Olaizola IIak berriz, txapapera bota zituen lehen hiru pilotak, partiduan sartu ezinik. Baina, lehen tantua egin bezain laster suspertu zen Goizuetakoa eta Asegarcekoek partiduari buelta eman zioten.
Olaizolak 8ko berdinketa lortu zuen ezker gantxoagaz, eta aurretik jarri ziren Olaizola II eta Aretxabaleta. Hortik aurrera, markagailua Olaizola II eta Aretxabaletaren alde egon zen amaierara arte.
Lehen tantua egin bezain laster suspertu zen Goizuetakoa eta Asegarcekoek partiduari buelta eman zioten
Zaleak txaloz animatzen zuten Asegarceko bikotea, olatuak ere eginez, Olaizola II eta Aretxabaleta eta Titin III. eta Merinoren arteko aldea handitzen zihoan bitartean. Titinek ahalegin guztiak egin zituen aurrean, baina ezin. Horrela bere erremateetako batek txapa jo zuenean azalpenak eskatu zizkion epaileari, haserre. Hortxe amaitu zen partidua. Momentu horretatik aurrera desagertu egin ziren errioxarrak eta Olaizola II.ak eta Aretxabaleta garaipenera arte abiatu ziren ostoporik gabe, erraz.
Aretxabaletarentzako garaipen berezia izan zen zapatukoa. Aurreko astean atsedena hartu ondoren Markina-Xemeingo kantxara itzuli zen atzelari markina-xemeindarra. Seguru ibili zen Aretxabaleta atzean eta ez zuen hutsegiterik egin. Markina-Xemeindarrak egindako lana goraipatu zuen bere bikoteak asko lagundu ziola azpimarratuz. Publikoaren bultzada ere nabaritu zutela adierazi zuen Aimar Olaizolak.
Zaleak txaloz animatzen zuten Asegarceko bikotea; Aretxabaletarentzako garaipen berezia izan zen zapatukoa
Partidua urduri hasi zuela aitortu zuen Aretxabaletak, «indar barik moduan», baina pilotakada on batzuk tarteko, konfidantza berreskuratu eta lasaitu egin zela azaldu zuen. «Partidua jaialdia izan da, oso gustura ibili naiz eta ez nuen partidua amaitzerik nahi», esan zuen markina-xemeindarrak.
Argazki galeria [nggallery ID=133]