
Jabier Urberuaga eta Juan Felix Ansotegi Antso memorialeko lehen saria Bermeora joan da aurten. Mañu auzoko Erauskinek eraman du astelehen gauean jokatu zen Aulestiko manta. Bere zaldiak, guztira, 81 untzako marka egin zuen.
Erauskinek proba ederra egin zuen, eta manta etxeratzea lortu zuen. Haren atzetik izan ziren Koba eta Alegria.
Sariketan parte hartu zuten 12 lagunak gogotsu aritu ziren lehiaketak iraun zuen lau saioetan. Probalariak ez eze, zaletu asko batu ditu urtero Aulestiko frontoian egiten den probak. «Jende ugari egon da aurtengo zaldi-mando probak ikusten, politto. Batez be, azken egunetako bi saioetan egon da jenderik gehien. Domekan frontoia ia bete egin zen, eta atzoko saioak frontoia bete-bete egin zuen», azaldu Mikel Antsotegi Aulestiko alkateak.
Azkenarentzat txapela
Aurtengo sariketa oso lehiatua izan da. Lortutako lehen markarik onena martxoaren 22an egindako saioan egin zuen Alegria bermeotarrak. Denera, 79 untza eta bira egin zituen bere abereak.
Halaber, Alegriaren marka haustea ez da izan lan «erraza» aurten. Izan ere, martxoaren 23 eta 30eko saioetan inork ez zuen 79 untza eta birako marka hobetzea lortu. Bermeotarraren marka hausten hurrengoa, iazko irabazlea izan zen. Atzo egindako azken saioan, Juan Uriarte Koba aulestiarrak untza batean hobetu zuen aurreko astean ezarritako marka.
Bart egindako saioan parte hartzen azkena, Mañuko Erauskin izan zen, eta hain zuzen ere, berak etxeratu zuen Aulestiko manta beltza. Azken momentuan azken zaldiak lortu zuen aurtengo manta eta lehen saria. «Emozioa azken unera arte mantendu da aurten», azaldu zuten antolatzaileek.
Sariketa honek lehiaketako probalaririk onenak saritzeaz gain, Lea-Artibai mailako onenak ere saritzen ditu. Eskualdeko onenaren manta berdea Aulestiko Kobak eraman zuen. Haren atzetik, Maider Uriartek eta Berriatuko Arriola jatetxeak lortu zituzten bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren.
Horrez gain, lehiaketaren baitan egiten den orgatxoaren zenbaki sariduna 3485 zenbakia suertatu zen.