Iparragirreren egoera salatzeko atxikimenduak jasoko dituzte haren senideek, gaur eta bihar
Ibon Iparragirren egoera herritarrekin partekatu eta atxikimenduak batzeko, bihar (apirilak 2, eguaztena), 19:00retatik aurrera Kofradia Zaharrean egongo dira haren senideak. “Ahal duzuenean bertaratzeko gonbita luzatzen dizuegu” adierazi dute senideek.
Ondoko gutuna helarazi dute Iparra galdu baik plataformako kideek:
“Basauriko kartzelako Tratamendu Juntak 100.2 artikulua aplikatu zion Iboni, bere osasun egoera larriaren ondorioz. Ibonek HIESa dauka, eta bere burmuineko ezkerreko lobuloan daukan orban baten ondorioz, ikusmenaren galera larria pairatzen du, beste zenbait disfuntzio kognitiboren artean. Etxe kartzelan egon den bi urte eta lau hilabeteetan bi epilepsia atake izan ditu, memoriaren, denboraren eta ubikazioaren galmenekin. Basurtoko Ospitaleko txosten medikuak egiaztatzen duenez, bere gaixotasuna C estadioan dago, hau da, sendaezina eta itzulezina da. Honez gain, etxe-kartzelan egon den bitartean Ibonek ezarri zizkioten baldintza guztiak bete dituela aipatu behar da.
Entzutegi Nazionalak emandako “bilatze eta atxilotze” aginduak, eskuduntzen inbasio argia suposatzen du, ez baitagokio berari presoaren erregimenaren aldaketa erabakitzea, kartzela bakoitzeko Tratamendu Juntari baizik. Zentzu horretan, Ibonek preso bezala daukan eskubideen urraketa larria burutu da, eta urraketa honek gainera, bere bizitza jartzen du arriskuan.
Azken bisitetan bere senideek nabaritu zutenez, ganoraz ez ikusteaz gain, oso urduri dago, presio psikologiko handia jasaten ari da eta disfuntzio kognitiboak jasaten hasi da. Martxoaren 24an etxera deitu eta oso txarto aurkitzen zela adieraziz, lehenbailehen norbait bidaltzea eskatu zuen. Abokatua joan zitzaion, eta bi orduko elkarrizketaren ostean, oso bakarrik eta desorientatuta sentitzen dela egiaztatu ahal izan zuen.
Plataformatik gure kezka larria plazaratu nahi dugu, eta Ibonen aldeko sentsibilizazio, elkartasun eta mobilizazio kanpainan parte hartzea eskatzen dizugu, norbanako legez edo talde/elkarte/erakunde legez bideratuko diren ekimenak bultzatuz”.