
Artisau erara arrantzatutako arraina saltzen zuten emakume arrain saltzaileentzat izango da aurtengo Berdel Aipamena. Ekitaldia 20:00etan izango da, udaletxeko batzar aretoan.
Balea elkarteko kideek arrain saltzaileen zerrenda osatuko dute ekitaldiaren hasieran, eta ondoren, Zorion Basterretxea, Klarita Alberdi, Fidelita Alberdi, Abe Maria Mugerza, Antonia Alberdi, Enkarna Berasaluze Perras, Felizita Urreisti, Finita Arreitunandia, Arantxa Furundarena, Arrate Furundarena, Felizia Elezgarai, Arantxa Zelaia, Narzisa Urreisti eta Maria Teresa Balmasedari egingo diete ohore, «Mutriku bezalako herri arrantzale batean emakume haiek egindako lanaren garrantzia» azpimarratu nahian. Aldi berean, urteetan desagertuta dagoen jarduera izan arren, artisau arrantzarekin eta eguneko arrantzarekin zuen lotura estua nabarmenduko dute gaurko jardueran. Balea elkarteko kideek ekitaldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei: «Guztiak zaudete gonbidatuta», esan dute.
Berdel Aipamenaren aurretik, 19:30ean, zapatuan lanean ariko diren boluntario guztiekin azken bilera egingo dute Balea elkartekoek. Batzar hori ere udaletxean izango da.