
Garaipenaren zapore ona dastatzen dabiltza oraindik Lekeitioko gazteak. Liga amaierarako bi jardunaldiren faltan Ligako Txapeldun geratu dira Euskal Ligan. Sailkapenean bigarren dihoan Lagun Onak taldearen kontra jokatu zuten zapatuan eta 2 eta 0-eko garaipenak Gazteen Nazional Ligara igo ditu, maila gorenera.
Denboraldi hasierako helburua Euskal Ligan mantentzea zuten, baina garaipenak katiatzen joan da taldea hasieratik eta lehen postuetan mantendu dira Egoitz Akarregiren mutilak.
Igotzeko aukera eskuetan izan dute orain dela aste batzuetatik, baina hiru partidu galtzeak ospakizuna atzeratu die. Dena dela, aurretik egindako lan bikainak eta berriro garaipenaren bidean jartzeak eraman ditu gora.
Tentsio handiko partidua zuten zapatukoa, baina taldeak denboraldi osoan erakutsitako maila ona atera zuen zelaira lehenengo postuan zer edo zergatik daudela argi utziz.
«Pozik»
Garaipena etxean, Larrotegin, lortzea ere pozgarria izan da taldearentzat. «Etxean irabazi genuen gure publikoaren aurrean» dio Egoitz Akarregi Zarate gazteen entrenatzaileak publikoa beti alboan izan dutela eskertuz.
Denboraldi osoan taldeak egindako lanarekin harro dago Akarregi. «Azken aldian estuago ibili gara jokalari gutxiago izan ditugulako, baina denboraldi osoa ikusita garaipena merezitakoa dela uste dut», dio.
Ligako bi partidu gelditzen zaizkie jokatzeko, eta Aste Santua ondoren kopa jokatzen hasiko dira. Santutxu izango dute aurkari eta talde indartsua dela dio Egoitz Akarregik. Hala ere, «aurpegia eta gerra» emango dutela azpimarratu du gazteen entrenatzaileak.