Martxan dago Amorotoko 25. pala txapelketa, hemezortzi bikotegaz
Amorototik ez eze, inguruko herrietatik ere hainbat partaidek izena eman dute sariketan, denak eskualdeko partaideak izango dira aurtengo txapelketan. «Ondarroako, Lekeitioko, Aulestiko, Mendexako eta Berriatuako jokalariek eman dute izena», azaldu dute Amorotoko pala txapelketaren antolatzaileek. «Animatuta» hasi dute jokalariek lehenengo ligaxka zatia. «Batez ere urtero aurkezten diren palistak dira. Gehienak ezagunak dira eta euren arteko sekulako giroa egoten da», gaineratu dute.
Giro ederra eta «ezinhobea» batzen da Amorotoko frontoian. Askorek, urte askoan elkarren aurka jokatuta elkar ezagutzen dute, eta «haserre» antzerakoak ere egoten dira bata besteraren artean. Jokalariak ez eze, ikusle ugari batzen dira zeinek aurrera egingo duen jakinahi handiagaz. Zapato domekatan Hasita dagoen 25. pala txapelketa honen lehen fase honetan, sei bat aste iraungo dituen ligaxka antzerako batekin hasi dute. Partidak zapato eta domeketan jokatzen dituzte Amorotoko frontoian. Zapatuan goizez zein arratsaldez, eta domeketan, goizez bakarrik. Guztira, asteburuero zortzi partida jokatzen dira, sei zapatuetan eta bi domeketan. Lehen ligaxka honen ostean, maila bakoitzeko zortzi onenek hurrengo sailkapen faseetan parte hartuko dute. Maiatzaren lehen egunetan hasiko den fase honetan, final laurdenak eta final erdiak jokatuko dira kanporaketa eran. Azkenik, Maiatzaren 31n jokatuko dira bi mailetako finalak Amorotoko frontoian.