
Bizkaiko Foru Aldundiaren agindua betez, MIBA kooperatibaren pareko ispilua kentzera “derrigortua” egon dela jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak. 2013ko uztailean MIBAk egindako eskariari erantzunez, Bizkaiko Foru Aldundira jo zuen udalak kooperatibaren irteeran ispilua ipintzea eskatzeko. Aldundiak ispilua ez zela berea eta lehen zegoenaren lekuan beste bat ipini nahi izanez gero, aurretik baimena eskatu behar ziotela erantzun zuela dio udalak. Hala ere, «bien bitartean ispilurik ez egotea arriskutsua izan zitekeelakoan», Bizkaiko Foru Aldundiari baimena eskatzeagaz batera, ispilua jarri zuen udalak lehen zegoen lekuan, «ibilgailuen sarrera-irteera errazteko».
Erabaki horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzuna ekarri zuen azaroan. Aldundiak idatzi bat bidali zion udalari indarreko araudia hausteagatik espedientea irekiko ziola aditzera emanez. Markina-Xemeingo Udalak alegazioa bidali zuen arren, otsailaren 12an, Foru Agindu bat hartu zuten udaletxean ispilua kendu egin behar zela esanez. Hori dela eta, ispilua kentzera “behartuta” egon zela jakitera eman du udalak.