
XIX. Berdel Eguna guztien gustukoa izan dadin, azken zehaztapenak egitea baino ez zaio geratzen Balea elkarteari. Jose Rejo Rejo (Eibar, 1957) Mutrikuko Arrantza Kofradiako idazkariak eta Balea elkarteko kideak ondo baino hobeto ezagutzen ditu jaiegunaren inguruan ezagutu beharrekoak.
Ze helbururekin sortu da Balea elkartea?
Bi helburu ditu elkarteak. Bata da Balea proiektua aurrera eramatea, hau da, artisau arrantza, akuakultura, itsas turismoa eta kontserba industria bultzatzea. Bigarren helburua portu eremuaren garapena egitea da, gastronomiaren aldetik eta. Portua bizirik nahi dugu.
Nolabait portua herrigunearekin harremanetan jartzea?
Bai. Portuak oso bizi gutxi dauka. Bi parte daude Mutrikun: portua eta herria. Bi aldeak nahi ditugu batu, eta horretan gabiltza.
Berdel Eguneko ekintza batzuk portura ekartzea ere ez da kasualitatea izango.
Ez, ez da kasualitatea. Goizean, dena den, bi ekintza herrigunean egingo ditugu: pintxo dastaketa eta koralen emanaldia. Arratsaldean portura etorriko da festa.
Berdel Eguna jaiegun handia da. Zelako eboluzioa izan du azkenengo urteetan?
Eguraldia da gako oso inportante bat. Eguraldi ona baldin badago, 7.000 bat lagun zenbatzen dira, eta eguraldia ez bada hain ona, 5.000 bat. Oso jai ezaguna egin da, inguruan eta kanpoan ere bai.
Lan handia egongo da egiteko bihar egun osoan. Zuk zeuk ze ardura izango dituzu?
Pintxoen txartelak saltzen egoten naiz orain dela bost urtetik, eta arazoak konpontzen. Futbolean esaten den modura, «libero» egoten naiz. Arazoak sortzen diren lekura joan ohi naiz. Beti geratzen da-eta zerbait. Aurten ere gauza bera egingo dut. Txartelak saltzen egongo naiz, goizean Goiko Plazan, eta arratsaldean portuan.
Arratsalde parteko egitaraua aldaketetin dator.
Bai. Goizeko egitaraua berdina da. Berdel pintxoak emango dira Goiko eta Beheko plazetan. Eta arratsaldean, portu eremuan ez da egongo pintxoen dastaketarik; horren ordez, berdel errea emango dugu. Lan batzuk kendu ditugu era horretan. Pintxoak egiten 40 bat pertsona ibiltzen ziren lehen, arratsaldean. Aldaketekin jende gutxiago behar da. Era horretan gastuak gutxituko dira, eta gauzak argituko ditugu etorkizunera begira.
Gazteak jaira erakarri, eta datorren urtetik aurrerako jendearen inplikazioa bilatuko duzue.
Jaia gazteena da. Gazteek gozatu egiten dute Berdel Egunean, eta helduek lan egiten dute. Badago jende gaztea laguntzen duena ere, baina gehiago mugitu behar dira.
Horrek lan handia eskatuko du.
Bai. Eurekin egon nahi dugu, ea zer irizten zaien galdetu… 40 boluntariotik hamar dira aurten gazteak. Portzentaje hori aldatu egin behar da. Boluntarioen bataz besteko adina 70 urtekoa da azken urteetan.
Eredu aldaketa ezinbestekoa da.
(Bihar, elkarrizketa osoa, edizio jarraituan eta papereko edizioan)