
Berdeleta ondo-ondo doa. Arrainak kostaldean bertan jarraitzen du, Hondarribia, Lekeitio eta Bermeoko altueran, eta arrantzaleek erraz betetzen dute ezarrita daukaten kupoa. Hortaz, kupoa bete ahala lehorreratzen dute berdela kofradietan. Salmenta prezioari dagokionez, oso prezio ona ari da egiten. Ondarroako Kalare Deuna kofradian, esate baterako, 0,75 euro eta 0,87 euro artean saldu dute asteon. “Egunero etorri dira berdelagaz txalupak. Astelehenean eta martitzenean ekarri zuten gehien”. Azken asteetako txalupei –galiziarrak, mutrikuarrak, lekeitiarrak, hondarribiarrak eta herrikoak– Pasaiko eta Donostiako amuko txalupak gehitu zaizkie asteon Ondarroako portuan. Berdela Ondarroara ekartzen duten itsasontziek beste espezie batzuk arrantzatzera aterako dira gaur. Astelehenean bueltatuko dira berdeletara.
Sardina, Getarian
Berdelagaz gain, sardina eta betandia ere porturatu dute azken egunetan ontziek. Atzo Getariako altueran aurkitu zuten sardina, eta Hondarribiakoek Ondarroara ekarri zuten. Gaur, berriz, 40.000 kilo korbina ekarri dituzte arrantzaleek. 6 eurotik gora egin du kiloak. Piezak 10 kilotik 18 kilora artekoak izan dira.