
Lekeitioko Institutuko kadeteak eta Markina-Xemeingo txikien mailakoak asteburuan Valentzian lehiatuko den Espainiar estatuko ikastetxeen arteko Atletismoaz Gozatuz txapelketako finaletan parte hartuko dute. Maila bakoitzeko zazpi ikastetxe sailkatzen dira, eta Lea-Artibaikoek puntuazio bikainak eskuratu dituzte: Markina-Xemeingo atletek bigarren puntuaziorik onena lortu dute eta Lekeitiokoek laugarren onena.
Olatz Martiartuk, Aroa Egiak, Sara Gezuragak, Irene Santamariak eta Maite Goitiak osotzen dute Lekeitioko taldea. Atleta bakoitzak hiru proba desberdin egingo ditu eta proba guztietan bi partaide egon beharko dira. 800 metro leunak, km bateko martxa, pisu jaurtiketa, altuera jauzia, 60m heziak, 60m leunak eta 4x100m erreleboak egingo dituzte kadeteek.

Markina-Xemeingo txikien mailako atletak, 50m leunak, 50m heziak, luzera saltoa, 800m, pisu jaurtiketa eta erreleboak egin beharko dituzte. Erreleboez gain, atleta bakoitzak bi proba egin beharko ditu gutxienez. Valentzian egongo den Markina-Xemeinego taldea, Ainara Mugartegik, Aiora Agirregomezkortak, Malen Arratek eta Neskutz Aldazabalek osotuko dute.
Zapatu arratsaldean eta domeka goizean izango dituzte probak Valentziako Luis Puig pabiloiko pista estalian.