'Hamlet' antzezlana egongo da bihar ikusgai Markina-Xemeinen
Ez da estreinako aldia Hamlet euskarara itzultzen dena. Argentinan bizi zen abade euskaldun batek egin zuen lehenengo itzulpena, eta Juan Garciak egin zuen atzetik. Baina inoiz ez zen agertokietara eraman, Xabier Mendigurenek itzuli arte. Mendigurenek gaur egungo Euskal Herrian kokatu du Hamlet Danimarkako printzea. «Inor gutxik egin nahi du antzerkia lehengo testuan oinarrituta. Eta hargatik, pertsonaia eta oro har, antzezlana, gaur egungo egoerara ekarri dugu», azaldu du Mendigurenek. Egungo egoera aztertuz Pertsonaia gaur egunean kokatzean, pertsonaiak gaur egun bizi dugun egoerari buruz zer daukan esateko jakin ahal dugula dio Ximun Fuchs zuzendariak. Muntaia Artedramak, Dejabu Panpin Laborategiak eta Le Petit Théâtre de Painek osotu dute. Lipus, bertatik bertara Ander Lipus aktore markina-xemeindarra protagonistaren paperean sartuta, kritika onak jaso ditu batean eta bestean. Emanaldiak, beraz, kutsu berezia edukiko du. Eta orain arte gertatu legez, beste behin ere, Lipusen eta gainerako profesionalen lanak ikuslegoa aho zabalik lagako du.
Fitxa: Hamlet- Zuzendaria. Ximun Fuchs.
- Autorea. William Shakespeare.
- Adaptazioa. Xabier Mendiguren.
- Aktoreak. Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo.
- Argiztapen diseinua. Josep Duhau.
- Koreografia. Philippe Ducou.
- Musika. Asier Ituarte.
- Jantziak. Marodi Sorkuntzak.
