
Balbas, Palenzuela eta Martinez
Kudeaketa energetikoa. Hori da Debabarreneko ingurumen eta ekonomia arloko erronka nagusietariko bat 2020. urtera begira. Erronka horren baitan, Debabarreneko udalek, Debegesa garapen agentziaren bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, parte hartze prozesu bat martxan jartzea erabaki dute, eskualdeko Energia Jasangarrirako Plana egiteko.
Energiaren kudeaketa hobetzeko asmoa du planak, energia berriztagarrien erabilera eta eraginkortasun energetikoa sustatzea, eta, bide batez, energiaren kontsumoa eta horri dagokion gastu ekonomikoa murriztu eta berotegi efektuko gasak gutxitzea. Aldi berean, plana talentuaren eta enpleguaren sustapenera bideratuta egongo da. Hain zuzen, helburu nagusia Debabarreneko udalerrietan energiaren egoera hobetzeko estrategia bateratua ezartzea da.
Pobrezia energetikoa txikituz
Estrategia hori, gainera, aldundiaren energiaren planarekin lerrokatuta dago. Foru planak Gipuzkoako eraginkortasun energetikoa handitzeko sinergiak lortzen eta pixkanaka dependentzia energetikoa eta kontsumitzailearen ahultasuna murrizten lagunduko du.
Debabarreneko Energia Plana burutzeko hainbat eragileri eskatu zaie laguntza, energia alorrean ezagutza eta esperientzia zabala dutenak, bai eskualdekoak baita eskualdez kanpokoak ere. Orain arte 30 eragile inguru identifikatu dira, eta haiekin elkarrizketak egingo dira banan-banan. Horien artean daude energia arloko enpresak, erakundeak eta formazioarekin lotura duten eragileak, EHUko Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua eta Mondragon Unibertsitatea, besteak beste. IE Team enpresa arduratuko da datu biltze prozesu hau aurrera eramateaz. «Prozesu horren helburua epe luzerako eskualdearen ikuspegi bat eratzea da, energiaren esparru guztiak kontuan hartuko dituena», azaldu dute. Horrela, lehen fase horretan informazioa jaso eta landuko da, gero ekintza plana gauzatzeko.
Emandako urratsak
Jaurlaritzaren eta aldundiaren laguntzarekin eta Energiaren Euskal Erakundearen lankidetzarekin hainbat urrats eman dira Debabarrenean azken bi urteetan. Eskualdearen aurrediagnostiko bat egin da, eta, eskuratutako datuetan oinarrituz, udalerrietan zenbait jarduera jarri ditu martxan Debegesak. Esate baterako, kontsumo handiena duten eraikinak identifikatu dira, kiroldegiak, hain zuzen, eta jarraipen bat egiteko sistema bat ezarri da. «Kontsumoan %10 eta %20 artean aurreztea aurreikusi da».
Mugikortasunari dagokionean, Debabarrenean energia kontsumo osoaren %27 hartzen du pertsonen eta produktuen mugikortasunak. Ildo horretan, bi lerro lantzen dira: bata Mugikortasun Mahaia, garraio publikoaren koordinazioa eta hobekuntza egiteko; bigarrena azpiegituren hobekuntza, garraio publikoaren sistema hobetzeko. Markesinen egoeraren diagnostikoa egin da; garraio publikoaren ordutegien eguneratzea sistematizatu da, aldaketa berehala egin dadin; eta Mendaroko bi autobus-geltoki berritu dira. Halaber, Debabarreneko eskualdean, Mutrikun, itsasoko olatuen indarrarekin energia sortzeko planta bat daukagu, EVEk finantzatu eta kudeatzen duena.