
“Gogotsu” dago Etxebarriko Gure Esku Dago taldea erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko. Ideologi, eta adin desberdinetako etxebarritarrak elkartu dira helburu berak batuta. “Euskal Herria nazio naturala dela, euskaldunok eta Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala, eta erabakitzeko eskubidea eskubide demokratiko eta unibertsala denez, Euskal Herrian eta nazioartean aldarrikatuko dutela” diote. Joan den darikuan egin zuten taldearen aurkezpena, eta “nahi duen guztiari” taldean parte hartzeko gonbitea egin zioten, “bakoitzak ahal duen inplikazio mailarekin”.
Ekainaren 8an etxebarritarrak Elorrioko 13.kilometroan egongo dira “gure eskubidea aldarrikatzen”. Horretarako, apirilaren 11an hasita, barikuro, 18:00etatik aurrera Olaia aurrean kamiseta eta metroak saltzen egongo dira. “Baina ibilibide hau ez da ekainaren 8an bukatuko, lanean jarraitu behar baita”, dio taldeak.
Ekainaren 8a ailegatu bitartean, gainera, hainbat ekimen antolatzeko asmoa du taldeak. Besteak beste maiatzaren 11n egingo duten jaialdia. Trikipoteoa, argazki-giza katea, eta bazkaria egongo direla aurreratu dute.
Hurrengo bilera apirilaren 13an, 12:00etan, egingo dela jakinarazi dute, udaletxean, eta parte hartzeko prest dagoenari bertara hurreratzeko gonbitea egin diote.
“Lan asko dago herrian egiteko, baina gogotsu gaude eta denon artean lortuko dugu, denon esku baitago”, azpimarratu du taldeak.