EH Bilduk dio aldundiak ez duela ezer egin Mendexako artadia babesteko
Mendexan, Karraspio hondartzaren ondoan zegoen artadi kantauriarra babesteko Bizkaiko Foru Aldundiak ez duela ezer egin leporatu dio EH Bilduk Nekazaritza departamentuari. Koalizioak kritikatu duenez, artadia «suntsituta» geratu da, eta Irene Pardok zuzentzen duen departamentuak ez du ezer egin hori saihesteko. Arteak «legediaren kontra» moztu dituztela salatu du EH Bilduk, Kantaurialdeko artea babestutako espeziea delako. Horren aurrean, Nekazaritza diputatu Irene Pardok beste aldera begiratu duela esan du EH Bilduko diputatu Asier Vegak.
Pardok berak adierazi duenez, Nekazaritza Sailak urtarrilean izan du zuhaitz mozketaren berri. EH Bilduren esanetan, baina, aldundiak lehenagotik izan du artadiaren berri. Koalizioak gogorarazi duenez, inguru horretan aparkaleuak eta luxuzko etxeak egiteko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak; hori dela eta, ingurumen eragina aztertzeko egin zuten txostenean jaso zuten bertako artadiaren existentzia, eta hura babesteko zein berreskuratzeko neurri zuzentzaileak zehazteko beharra jaso zuen aldundiak txosten horretan. EH Bilduk salatu duenez, 2012an egin zuten txosten hori, eta ordutik zuhaitzak mozten jarraitu izan dute.
Otsailean ere salatu zuen
EH Bilduk otsailean ere salatu zuen artadi horretako zuhaitzak legez kanpo mozten ari zirela, eta salaketa jarri zuen. Baina, EH Bilsuk esan zuenez, salaketaren berri izan arren, gai hura bere eskumenekoa ez zela erantzun zuen orduan Ingurumen diputatua den Josu Madariagak.