Markina-Xemeingo Udalak eta Ahotsak elkarteak hitzarmena sinatu dute
Proiektu honen helburu nagusia Euskal Herriko ahozko ondarea eta Herri hizkerak katalogatu eta hedatzea da. “Gure herriko adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea”, azaldu du udalak.
Pasa diren urteetan grabazioak lortzeko ahalegina egin dute, jubilatu elkarteko kideen laguntzarekin. “Ondorioz, grabazio asko lortu dira, baina landu eta kodifikatzea falta da”, azaldu du udalak. Beraz, aurten elkarrizketa gutxiago egingo dira, eta aurreko urteetan egindakoen lanketara bideratuko dituzte indarrak. Aurtengo helburua frontoiaren eta batez ere, pilotaren inguruan izaten ziren ofizioetan lan egindakoak grabatzea da, hau da, raketistak, zestagileak… eta horrez gain, hitanoa gordetzeko solasaldi bat ere grabatu nahi dute.
