
Gaur goizean, antxoa lehorreratzen
Prezio baxua ari da egiten egunotan antxoa. Kanpaina hasi orduko Aste Santua ailegatu da, eta merkaturik ezean, horrek eragin zuzena izan du prezioan azken egunetan. 2 eurotik behera saldu da kiloa kofradietan.
Ondarroan 23.000 kaxa antxoa lehorreratu zituzten atzo, 207.000 kilo: bataz beste 1,80 euro egin zituen Kalare Deuna Kofradiako bentan. Gaur 12.000 kaxa zeukaten lehorreratuta 11:00ak orduko, 108.000 kilo inguru. 55 eta 40 garaukoa izan zen hura ere, txikia: 1,60 euro bueltan saldu da.
Antxoaren usainera gero eta ontzi gehiago ari dira batzen egunik egun, Ondarroako portuan. Lehendik zeuden baxurako bost ontzi galiziarrei beste zortzi gehituko zaizkio datozen egunetan. Kantabriako ontziteria ere herenegun ailegatu zen.
Joan den astean gertatu modura,
50 milia eta 60 milia artean ari dira arrantzatzen, Landetan.

Antxoa kaxak prestatzen
Berdel kuota, gora
Amuko arrantzaontziei berdelaren kuota handitu die asteon Espainiako Arrantza Ministerioak. Horrenbestez, beste astebete inguruan luzatuko da berdelaren kanpaina, eta asteon amaitu beharrean datorren astean ere horretan ariko dira. Albiste ona da arrantzaleentzat, berdela egon badago-eta itsasoan. Asteon, 0,55 euro eta 0,60 euro artean saldu da Ondarroan kiloa.
Aste Santuko jaiegunetan geldialdia eginda, astelehenean aterako dira itsasora arrantzaleak.