
Eskolapetik eta Gazte gunerako bidea jai bihurtu zen joan den zapatuan. Hankapalo, trikitixa, bapore, parakaidas eta bengalen ke eta argiaz girotuta kalejira egin zuten 110 haur, gazte, guraso eta herritarrek
Azkan etxadiari hasiera emateko.
Urrian irten zen
Palpalianen bapora portutik, eta Lekeitioko haur eta gazteen aisialdiaren hausnarketa eginda, otsailean ondorioak atera zituzten. Ondorio horiek herriratzea izan zen zapatuko asmoa, ekimenari jai giroa emanez. Horrela, Eskolapean
Palpalianen aurkezpen eta azalpen labur bat eman zuten, eta Gazte Gunean haurrentzako ipuin kontaketa eta guraso eta herritarrentzako kafea eta bizkotxoak egon ziren, herriko aisialdiaren inguruan «gustora» eztabaidatzeko. Azkenik, gazteek pastel lehiaketa antolatu zuten eta saridunek molde bat irabazi zuten.

Herritarren iritzia jaso eta ondorioak aurkeztu ostean, jada portuan dago baporea amarrak noraira lotuta, maiatzean bukatuko da-eta
Palpalian prozesua. Ibilbidean zehar, herriko aisialdia hobetzeko hainbat ideia azaldu dira: sormenari lotutako eskaintza gehiago egotea, aterpe baten beharrizana, aisialdi ekintzen inguruko informazioa, ludoteka txikiegia dela, 0-3 urte artekoentzat aterpe bat, espazioak eta eskaintzak neska zein mutilentzako izateko aukerak eta baliabideak eskaintzea, eta beharrizan bereziak dituztenentzat baliabide gehiago egotea, eta gazteek astean zehar denbora libre gutxi dutela besteak beste.

Orain,
Palpalianeko emaitzak udalari aurkeztu eta aurrera begirako Lekeitioko haur eta gazteen aisialdiaren oinarrietan bilakatuko dira. Maiatzean prozesuari bukaera emateko ekintza bat antolatuko dute. Azken aukera dago iritzi edo ekarpenen bat egiteko
palpalian@gmail.com-era idatzita.