
Gutxi izango dira Markina-Xemeinen domeka arratsaldean EPELen Binakako Txapelketako finala galduko dutenak. Estreinako herriko pilotari bat egongo da finalean eta ikusmin handia sortu du horrek herrian. Andoni Aretxabaleta (Markina-Xemein, 1992) prest dago finalerako. Dena emateko prest eta ilusio handiagaz.
Zelan aurkitzen zara finalaren atarian?
Momentuz trankil nago, zapatuan igarriko dut seguruenik zer edo zer eta domekan bertan zer esanik ez baina momentuz lasai nago. Lagunekin egon eta rallya ikusiko dut lasai partiduan pentsatzen ez egoteko.
Olaizola eta biok sailkatu zinenetik denbora asko pasatu da. Luze egin zaizu?
Alde batetik bai. Sailkatu zarela dakizunean finalean zelan egin pentsatzen hasten zara eta luze egiten da, baina bestela gutxiago jokatzen ibili naiz eta horrek asteburuak lasaiago hartu eta beste gauza batzuk egiteko aukera ere eman dit.
Zelan ikusten duzu partidua? Martinez de Irujoren ezker eskua horren ondo ez egotea abantaila izango da zuentzat?
Finalean nahiz eta min eduki jo egiten diozu pilotari. Finala-finala da eta seguru Irujok duen guztia emango duela.
Finalak zer diren ondo daki Olaizolak. Aholkurik edo eman dizu?
Egiten dudan guztia galdetzen diot berari, berak daki eta zer egin behar dudan eta zer ez. Entrenamenduak zelan antolatu esate baterako. Berba asko egiten dugu. Berak esaten dit dena eta nik kasu egiten diot.
Final bat beste era batetara prestatzen da, ala txapelketako beste partidu baten modura?
Entrenamenduak zatikatuago egiten ari nahiz finalean nekatuta ez egoteko, baina, orokorrean, ez da oso desberdina. Egunerokotik irtetzen bazara orduantxe jartzen zara urduri, eta beraz, hobeto betiko modura. Orain arte egin dudana egiten nabil, gozoago bai baina geldirik egotea ere ez da ona bestela mantsoegi geratzen zara-eta. Beraz, zer edo zer egiten nabil egunero, etxean egotea baino nahiago dut horrela. Orain arte txapelketan egin dugun prestaketa berdina egiten ari naiz, ondo joan zaigu eta.
Eskuak asko zaintzen zabiltza?
Eskuak zaindu egin behar dira eta sofan egonda ez dira zaintzen. Gogortu egin behar dituzu, frontoira etorri bi egunetik behin, masajea hartu, zeuk emon, izotza… Horrela zaindu behar dira bestela…
Herrian ze giro aurkitu duzu. Jendeak ezer esaten dizu?
Kaletik beti esaten dit bateren batek zer edo zer: domekan zer, zelan zauden… Pozik egoteko modukoa da. Partidu txarra ateratzen zaizunean ez duzu galdetzerik ere nahi izaten, burumakur egoten zara. Ondo zaudenean, berriz, pozik erantzuten da. Galtzen badugu ez dakit zer esango dudan astelehenean. Pozik nago honera arte ailegatzea niretzako gauza handi bat delako, baina galtzea ez zait gustatuko. Irabaztea itzela izango litzateke.
Irabaziz gero zelan ospatuko duzun pentsatu duzu?
Domeka izan eran hurrengo egunean eskola eta lana daukate lagunek. Hala ere afaldu eta zer edo zer egingo dugu. Nik lo ere Bilbon egingo dut, hartuta daukat lekua. Domekan egingo dugu apur bat eta hurrengo astean gehiago.
Ikusmina badago herrian, jendeak sarrera asko eskatu dizu?
Sarrera batzuk gordetzeko aukera izan dut eta ehundik gora erreserbatu ditut. Badakit jende askok internetetik ere hartu dituela, eta beste batzuk telebistan ikusiko dute. .
Sekaula imajinatu duzu horrelako final baten egongo zinenik?
Debutatu eta bi urte oso txar eduki ditut, eskuetatik, ezin ganoraz jokatu abiadura ezin ohitu. Aurreko urtean Pablito (Berasaluze) ikusten egon nintzen, giro ona, jendea, frontoia beteta…Egunen baten nik ere horrelako aukerarik edukiko nuen pentsatu nuen, eta begiratu orain non nagoen. Sekula ez nuen pentsatuko binanakoa jokatzea eta gutxiago finalean egotea.
Lehia handia egoten da finaliston artean?
Pilotariok denbora asko pasatzen dugu elkarregaz, pilota aukeraketan, partiduetan… eta alkarrekin txantxetan ibiltzen gara, giro onean. Finalean gauden laurok ondo konpontzen gara, lehiarik ez da egoten, hori bai, guztiok irabazi nahi dugu (barrez).
Azken egunetan hainbat elkarrizketa egin dituzu.
Egun bat hartu eta egun horretan egin denak esan zidaten. Baina, astelehenean bi egin nituen, martitzenean beste bi, eta beste guztiei eguaztenean etortzeko esan nien. Goizean lau eta arratsaldean bost egin nituen. Argazkiak, bideoak, herrian zehar pasiuan… Hala ere eguenean deitu egin zidaten, barikuan ere bai, ezin amaituta ibili naiz. Ni ohitu barik nago horretara.
Partiduaren emaitza zein izango dela uste duzu?
Gu 22ra heltzen garen bitartean berdin zait besteek 21 egitea. 17tik gora bikote biok egongo gara eta partidu gogorra izango da. Aurrean dauden biak oilar handi bi dira eta Barriola eta ni ez gara jotzaile handiak beraz, gakoa aurrean egongo dela uste dut nik. Partidu ona espero da.