
Keila Olabarria eta Beñat Etxaburu, Barnetegixe Hezkuntza Elkarteko kideak
Ekainaren 30etik uztailaren 11ra bitartean, Urdirotzeko udalekuak izango dira aukeran, 2000 eta 2003 urte artean jaiotako umeentzat prestatuta, hots,
10-14 urte bitartekoentzakoa. «Guraso batzuek animatu gaituzte gaztetxoagoekin udalekuak egitera», esan dute antolatzaileek. Udalekuak Urdirotzeko (Nafarroa) baserri batean egingo dira, lehen euskal udalekuak egiten ziren leku berean. «Gune iraunkorrak prestatuko ditugu han: aroztegia, artelan txokoa, eskulan txokoa, dantza eta antzerki txokoa. Egunean parea bat talde ekintza ere egingo ditugu, elkar ezagutu dezaten, eta gero, irteerak egingo ditugu inguruetatik. Etorri denok, ondo pasatuko dugu». 60 bat umerentzako lekua izango da udaleku horietan, eta ondarrutarrek ez eze, nahi duten guztiek edukiko dute izena emateko aukera. Datorren asteko informazio batzarrera joaterik ez dutenek hurrengo helbidera idatzita argitu ahal izango dituzte zalantza guztiak:
urdirotzudalekuak@gmail.com.
Uztailaren 14tik 28ra, berriz, udaleku ibiltariak izango dira: mendirik mendi, Ondarroa-Altsasu-Ondarroa ibilbidea egiteko aukera edukiko dute 14-16 urtera arteko gazteek, orain dela bi urte egin zen modura. Egunero etapa bat egingo dute, 15 bat kilometrokoa. Ekintzarik ere ez dute faltako: dantzak, jolasak, hitzaldiak, tailerrak, eskalada, rappela… Aldaketa bat egongo da: «Gazteek eurek sukaldatuko dute taldeka, begiraleekin batera».
Maiatzak 7-8: gurasoentzako bilerak
Urdirotzeko udalekuetarako bilera maiatzaren 7an izango da, 19:30ean, Kofradia Zaharrean; udaleku ibiltariena, maiatzaren 8an, ordu eta leku berean.