
Bizkaiak txapel barik jarraitu beharko du beste urtebetez behintzat. Olaizola II eta Aretxabaleta ez ziren 22ra ailegatu eta beraz, Aretxabaleta markina-xemeindarrak ez zuen garaipenaren txapelik janzterik izan. Hala ere, finalera heltzea ere lorpen handia izan da Aretxabaletarentzat eta ahaztuko ez duen oroitzapena izango dela aitortu du.
Aspeko bikotea 22 eta 13 nagusitu zitzaien finalean Olaizola II.ari eta Aretxabaletari, Binakako Txapelketako amaiera gogor eta lehiatuan. Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola jaun eta jabe izan ziren Olaizola II.ari eta Aretxabaletari bederatzi tantuko aldeagaz irabaziz.
Partida erritmo biziarekin hasi zen, tanto bakoitza etenik gabe borrokatu zuten lau pilotariek. Baina hasieratik argi geratu zen Aspekoen estrategia: Andoni Aretxabaleta gaztea pilotakadaz pilotakada nekatzea.
Markina-Xemeingoak debuta egin du aurten Binakakoan, eta lan gogorra eduki zuen finalean. Hala ere, ondo aritu zen, dena emanda, eta berarentzat izan ziren zaleen txalo zaparrada handienak.
Juan Martinez de Irujo izugarri aritu zen ezkerrez, eta berari esker zabaldu zuten aldea markagailuan urdinek. Barriola ere bikain ibili zen, oso seguru atzeko aldean. Aimar Olaizolak errematean sartzeko oso aukera gutxi izan zituen eta defentsan egin beharreko lanengatik gaindituta egon zen. 3ko berdinketa gainditu ostean, konturatu orduko, 9 eta 14 alde egin zuten urdinek, gorrien etsipenerako.
Borroka etenik gabekoa izan zen Bizkaia pilotalekuko kantxan. Tantoak nekatu arte lehiatu zituzten, 12-17koa da horren adibide argia: 7 minutu luze iraun zituen eta 130 pilotakadatik gora eman zituzten pilotariek. Azkenik, tantoa gorriek irabazi zuten, Irujoren hutsari esker.
Neurketako tantorik onena, dena dela, amaiera aldera iritsi zen: 13 eta 21ekoa, urdinen aldekoa, ordura arte finalean gertatutakoaren laburpenik onena. Azkenean, 13 eta 22 nagusitu ziren Irujo eta Barriola. Iberokoak Binakakoaren bosgarren txapela irabazi du; leitzarrak, aldiz, lehenengoa.
Urduri
Nahiz eta tantu luzeak jokatu eta finaleko pilotakada gehien berak eman, finala pasatu eta ordu batzuen ondoren igarri du nekea Andoni Aretxabaletak. Finalean urduri jarri zela aitortu du eta «ez zuela gustura jokatu». Hala ere esperientzia polita izan da beretzat eta, zelan ez, horrelako beste aukera bat izatea gustatuko litzaioke. «Pena handia ematen du horrela galtzeak baina Irujok eta Barriolak euren jokoa egin zuten eta guk ez genuen geurea ondo burutu», dio.
Zaletuen bultzadagaz poz-pozik agertu da markina-xemeindarra. Harmailetatik bere izena errepikatzen zuten behin eta berriro zaletuek, pilotari gaztea egiten zebilen ahalegin handiaren jakitun. «Animo asko izan nituen eta hori asko eskertzen da», azpimarratu du. «Giro handia bizi izan zen Bilboko Bizkaia frontoian eta jendeak ondo pasatu zuen».
Asko izan ziren partidua ikustera joan ziren markina-xemeindarrak, eta gogoz txalotu zuten herrikoa.Zapatuan ere, harrera egingo diote Markina-Xemeingo udaletxean pilotariari.
Hemendik aurrera, udako txapelketak prestatzen hasiko da Aretxabaleta.