Abantailagaz irabazi dute III. Lea-Artibai Rallya Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik. Lehenengo etapatik jarri ziren sailkapenaren buruan eta dena borobil joan zitzaien. Hala ere, ez dute errez eduki. Bariku arratsaldean Markina-Xemeingo podiumetik irten ziren partaide guztiak dena jarri dute norgehiagokan, eta lehen egunetik lehia estua egon zen guztien artean.
Norgehiagoka handia egon da batez ere Gernika Racing eskuderiako Ander Arana eta Arkaitz Kobeaga, eta Paiaurrak Motor Taldeko Aingeru eta Angel Castroren artean. Azkenean, Castrok gurpilekin akats bat eduki zuen tarte batean, Aranak eutsi egin zion, eta atzerago geratu zen Castro. Azken buklean hobeto ibili ziren Castro aita semeak, baina ezin izan zituzten Arana eta Kobeaga harrapatu. Gernika Racing Elkartekoak bigarrenak izan dira Lea-Artibaiko Rallyan eta Aingeru eta Angel Castro laugarren gelditu dira.
Txapelketan norgehiagoka handia egon da batez ere Gernika Racing eskuderiako Ander Arana eta Arkaitz Kobeaga, eta Paiaurrak Motor Taldeko Aingeru eta Angel Castroren artean
Aurrean ibili dira bai eta Txus Jaio eta Jesus Urkidi ere, eta eurentzat izan da hirugarren postua. Markina-Xemeingo pilotu eta kopilotuak arazo bat eduki zuten autoagaz zapatu goizean eta 6 minutu beranduago irten behar izan zuten asistentzia gunetik. Hori dela eta minutu bateko zigorra eduki zuten. Galdutako denbora hobetzeko, zeukaten guztia eman zuten azken tarteetan. “Asko gozatu dugu, baina arazoak ere ere eduki ditugu: gasolinaren tutua eta kable batzuk apurtu zaizkigu. Hala ere, denon artean konpondu ahal izan ditugu eta pozik gaude” , azaldu du Txus Jaiok. Markina-Xemeingo pilotua “gustura” agertu da bai eta antolakuntzagaz ere. “Nazional mailako lasterketa baten moduko maila egon da. Tarte guztietan ura eman digute eta Aulestin pintxoak eta edana ere bai. Horretaz gainera, irteera, podiuma, eta rutometroa maila handikoak izan dira. Lan ona egin dute, lehen mailakoa”, azpimarratu du.
Rallya
Barikuan lau tarte egin zituzten parta hartzaileek eta zapatuan zortzi. Bizkor ibili ziren autoak lehenengo egunean, hurrengo eguneko sailkapenean aurrean egoteko, eta Asterrikako tartea eduki zuten hasteko zapatu goizean. Tarte gaitza izan zen autoentzat, kolpe asko eta gorabehera asko egon ziren errepidea irristakor zegoelako, eta justuan pasatu ziren asko. Kostako errepidea ere gaitza egin zitzaien partaideei bigarren bueltan. Hainbat auto bertatik pasatzean asko zikindu zen errepidea, basa pilatu zen, eta lehenengo bueltan baino zailago ibili ziren autoak bertatik igarotzeko. Ereñokoan tartean, berriz, beste arazo bat eduki zuten: euria. Asistentzia gunean ez zuen euririk egiten baina Ereñora ailegatzerakoan euria aurkitzen zuten parte hartzaileek. Gehienak sikurako gurpilak jarri zizkieten autoei eta larri ibili ziren, beraz. Zapatu arratsaldean iazko tarte berdinak egin behar izan zituzten. Aulestiko tarte motza, eta Urrutxua, Munitibar eta Bolibar.
Izan duen luzera eta zailtasunakgatik auto askok utzi egin behar izan dute Lea-Artibai Rallya. Denetara, 21 izan dira lasterketa utzi dutenak errepidetik irten edo autoak matxura izan duelako. Amaierako parkean batu ziren parte hartzaileen asebetetzea, beraz, ikaragarria izan zen. 31 auto ailegatu ziren azken helmugara.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.