
Gaztetxoak, ibilibide txikia egiten
Aurrera Mendi Taldeko kideak oso pozik daude. Eguraldiak lagundu egin zuen atzo, eta aurretik Internet bidez izena emanda zeuden 410 laguni beste ia horrenbete gehitu zitzaizkien irteera egunean bertan. “Pila bat jende etorri zen atzo”. Mendi martxaren laugarren urtea izanda, antolakuntza ere aurrekoetan baino hobea izan dela dio Fede Arantzamendi mendi taldeko kideak. IV. Boga Mendi Martxaren antolaketan 75 bat lagun aritu dira “guztia ondo egoteko”: kontrol eta hornidura guneetan egoteko, Zubi Zahar ikastolan egoteko…
Hango eta hemengo parte hartzaileak
Ibilbide txikian eta motzean batez ere Ondarroako eta inguruko herrietako mendi zaleek parte hartu zuten; gaztetxoak izan ziren asko eta asko, eta ondo baino hobeto pasatu zuten martxan. ibilbide luzean, berriz, leku askotakoek: iparraldekoek, gipuzkoarrek, bizkaitarrek (Bilbo ingurukoak asko), arabarrek, nafarrek…, “urte osoan zirkuitoan ibiltzen direnek azken batean”. Guztiek gozatu ahal izan zuten Ondarroa eta inguruko paisaiez, eta amaieran, diploma bana eta opari bana jaso zuten. Mendizale asko, eta gertaera bakar bat: bihurritu bat egin zuen ibilbide luzeko parte hartzaile batek.