
Zirkulazio handiaren eraginez errepide bazterretik joateak dakarren arriskuaren jakitun, Markina-Xemeingo Udalak bidea prestatu du erreka alboan, Santiagoko Bidea egiten ari direnentzat. Orain arte, errepidetik jarraitu beharra zeukaten, ia Iruzubietaraino. Orain berriz, bide zati bat erreka albotik egingo dute.
Udalak prestatu duen bide zatiak kilometro bat dauka, gutxi gorabehera, eta oinezkoentzat baino ez da, oraingoz. Izan ere, ez dago bizikletentzat atonduta.
Ibilbidea
Denticci fabrikaren atzeko partetik sartuta, errepide orokorra albo batean utzi, eta erreka albotik joango dira erromesak. Otsoloko zubia gurutzatu eta Erdotzako ermitaren albotik igaroko dira Kareaga industriagunera heltzeko. Handik aurrera, orain arte modura, bide gorritik jarraitu beharko dute Iruzubietaraino.
Egunotan, Santiagoko Bidelagunak elkartekoak etortzekoak dira Markina-Xemeingo ostatua prestatzera, eta bide batez, bidea seinaleztatuko dutela jakitera eman du udalak.