
500 kilo gazta egon ziren dastagai Idiazabalgo Gazta Egunean. 136 pertsona izan ziren epaile, eta haien erabakia argia izan zen: Mutrikuko Goienetxe Gaztandegiko gazta zen onena.
Gazta berria, bi hilabete eta lau egunekoa aurkeztu zuten mutrikuarrek lehiaketara, zaporez eta gustuz sendoa. Aste bi lehenago probatu zuten ekoizleek, eta ederra iruditu zitzaien. «Eta hura eraman genuen», esan du Beñat Egañak. Haren esanetan, gazta egiteko ez dago sekretu handiegirik «Ia gazta guztiak berdinak dira. Ardiak zer jaten duen eta non jaten duen da sekretua». Lehiaketa egin aurretik, gazta sorta guztiak probatzen dituztela azaldu du Egañak. «Aurretik dastaketa kurtso batzuk egin genituen, eta gutxi gorabehera badakigu zein izan daitekeen irabazlea eta zein ez».
Epaileen erabakia pozez hartu zuela aitortu du: «Poza hartu genuen saria irabazi genuela jakitean». Halako sari bat irabazteak salmentetan eragina izatea espero dutela dio: «Urteko gazta guztia saldu izan dugu, eta sari honekin espero dugu hemendik aurrera errazago saltzea».
Sariaren berri izanda, asko izan dira azken orduetan Goienetxe baserrikoak zoriondu dituztenak. Mutrikuko Udalak, esate baterako, bere poztasuna adierazi du herritarrek izandako lorpenarekin, eta adierazi du, bertoko produktuak sustatu eta bultzatzeko egina duen apustua berresten duela. Horri lotuta, ahal duen neurrian, bertoko ekoizleei laguntzen jarraitzeko asmoarekin aurrera egingo duela esan du.
Ekoizpena handitzen
Bestalde, Arantza Tapia Ekonomia Garapenarako eta Lehiakortasunerako sailburuak iragarri duenez, Idiazabalgo gaztari bultzada berri bat eman nahi zaio: ekoizpena %20 handitzea izango da hurrengo erronka.