Ondarroako plan orokorrari ekarpena egin dio Eguzkik
Ondarroako Udalak herriko plan orokorra berritzen hasi da eta Eguzki talde ekologistak elikadura burujabetzari begirako proposamena egin dio udalari. Zehatz esateko, Ondarroan jaten den janaria ekoizteko zenbat lur behar den kalkulatu, eta herrian lur eremu hori babestea da Eguzkiren proposamena.
Babestutako eremua plan orokorrean jasota geratu behar dela gaineratu du Eguzkik. «Elikadura burujabetza lortzea pauso garrantzitsua da herri batentzat; nekazaritzan lanpostuak sortu eta jatekoa garraiatzen energia gutxiago gastatzen da, besteak beste».
Eguzkikoen esanetan, Euskal Herrian landatzeko «gero eta lur gutxiago» dago. «Azken 30 urteetan zementoz urbanizatutako lurrak hirukoiztu egin dira. Eta urbanizatutako lur horiek geneuzkan lurrik aberatsenak eta onenak ziren: lautadak, ibaien alboak…».
Ondarroak dituen aukerak
Errealitate horren aurrean, «geratzen diren lur aberatsak babestu» egin behar direla diote. Halaber, babes horiek herrietako arauetan eta planetan agertu behar direla diote. «Argi dago Ondarroan jaten dugun guztia Ondarroan lortzea ezinezkoa dela, baina bide horretan pausoak ematen jarraitu behar dugu, ahalik eta gehien berton ekoizteko». Horretarako gainera, Ondarroak leku aproposak dituela diote: Allerin, Gorozikan…
Proposamen gehiago
Ondarroako Udalari beraz, herritarren janaria ekoizteko behar den lur kopurua neurtzeko eta plan orokorrean jasotzeko eskatzen dio Eguzkik.
Proposamena hori zehatza bada ere, aurrera begira, udala berritzen dabilen herriko plan orokorrari proposamen gehiago egiteko asmoa daukatela gaineratu dute Eguzki talde ekologistako kideek.