San Isidroetarako motorra berotzen hasiko dira Mendexan
San Isidro jaien barruan, domekan, Mendexako bigarren azoka «alternatiboa» egingo dute plaza eta inguruetan. Aurten, gainera, berritasun modura, bigarren eskuko azokatxoa egiteko asmoa ere agertu dute antolatzaileek.
Alde batetik, eskualdeko eta inguruetako ekoizleen lorak, Mendexako txakolina, orturako landareak, gazta eta Errioxako ardoa ekologikoa salduko dituzte, besteak beste. Guztira, Mendexatik, Lekeiotik, Gernika-Lumotik, Busturiatik, Mendatatik eta Errioxatik joandako 15 bat ekoizleren erakusmahaietan zer erosi egongo da plaza eta inguruetan.
Bestetik, bigarren eskuko produktuak saltzen edo trukatzen dituzten Mendexako eta Lekeitioko zazpi postu ere egongo dira. Denetik; altzairuak, margolanak, apaingarriak, jantziak… ikusteko, trukatzeko eta erosteko aukera egongo da bigarren eskuko lehen azokatxo honetan.
Hamaiketako eta guzti
Gauzak erosi eta trukatu ez eze, Markina-Xemeingo bildots errea probatu eta Mendexako sagardoa dastatzeko aukera ere egongo da azokan bertan. «Bi euroren truke edalontzia erosi eta nahi haina sagardo edan ahal izango da bazkal ordura arte».
Bestalde, San Isidro egunean ere, zer ospatu egongo da Mendexan. Baserritarren santuaren egunean, betiko legez, meza emango da San Pedro elizan, eta, ostean, ondoko txokoan hamaiketakoa egiteko aukera izango dute herriko nagusiek.