
Azkoitian izango dute lehen hitzordua mutrikuarrek, zapatuan, Zazpi frontoien aurrekaldean.
680 kiloko neurketagaz hasiko dute liga sokatira taldeek, eta 640, 600, eta 580 kiloko txapelketak ere jokatuko dituzte uztailaren amaiera bitartean. Mutriku Soka Tira taldeak kategori guztietan parte hartuko du.
680 kiloko saioak etzi eta maiatzaren 17an jokatuko dira, Azkoitian eta Berriatuan, eta finala maiatzaren 24an izango da Mutrikuko Galdonan. 17:30ean hasiko dira norgehiagokak.
Taldeak
Mutrikuko taldeagaz batera nor baino nor gehiago arituko dira Gaztedi A, Gaztedi B eta Gaztedi C, Goiherri A eta Goiherri B, eta Getxo. Izan daiteke baita Ibarrak ere pisu batzuetan parte hartzea. Taldeak nahi duten modura osatu ahalko dituzte lerroak, baina guztietan egon beharko da gutxienez emakumeren bat.
Euskadiko sokatira txapelketagaz gainera, abuztuaren bukaeran izango den Munduko txapelketara ere jokatuko du Mutrikuko taldeak. Txapelketa Estatu Batuetan, Wisconsin-en izango da.