Momentuz behintzat,
Jesus Muñecas Aguilar Guardia Zibileko kapitain ohia
ez dute frankismo garaian egindako torturengatik zigortuko. Auzitegi Nazionalak atzera bota zuen apirilaren 24an kapitain ohia Argentinara estraditatzeko eskaera. Besteak beste, 1968ko abuztuan Andoni Arrizabalaga ondarrutarra torturatzea leporatzen diote Muñecasi. Zigor Kodeko 131 artikuluan oinarrituta, Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Maria Angeles Barreiro epaileek diote egozten dizkioten delituak hamar urteren buruan preskribatzen direla. Andoniren anaia Jon Arrizabalaga Basterretxeak (Ondarroa, 1943), alabaina, garai hartan gertatutakoa salatzea beharrezkoa dela deritzo, «horrelako zerbait errepika ez dadin».

Jon Arrizabalaga.
Zelan sentitu zarete estradizio eskaera bertan behera geratu dela jakiterakoan?
Egia esan, espero genuen; ez genuen batere dudarik. Espainiak Muñecasen estradizioa onartu nahi ez zuela bagenekien; Espainiak orain arte eduki duen jarrera ikusita, hori argi genuen. Ez dute frankismo garaian gertatutako guztia argitu nahi inondik inora. Hori dela eta, estradizio eskaera atzera botako zutela espero genuen. Hala ere, orain arte lortu duguna ez da gutxi. Ezetza jaso arren, ez gara hemen geldituko; aurrera jarraituko dugu.
Espainiak Muñecasen estradizioa onartu nahi ez zuela bagenekien; Espainiak orain arte eduki duen jarrera ikusita, hori argi genuen. Ez dute frankismo garaian gertatutako guztia argitu nahi inondik inora
Zelan jakin zenuten ez dutela estraditatuko?
Herritar askok bezala, komunikabideetan irakurrita.
Hemendik aurrera zer egiteko asmoa daukazue?
Errekurtsoa jartzeko asmoa dago. Frankismo garaian jende asko torturatu zuten, eta ahalik eta lagun gehienen testigantzak lortu nahi ditugu, batera indar gehiago egiteko. Muñecasek, esate baterako, hamar bat urte egin zituen Guardia Zibileko kapitain modura hemen, Euskal Herrian.
Etorkizunean torturen kasu horiekin Espainiak zer edo zer egingo duela uste duzue, ala amnistiaren osteko legearen ondorioz preskribatuta geratuko dira?
Guk aurrera egiteko asmoa dugu. Fiskaltzak torturenak preskribatzeko moduko kasuak direla dio. Haren ustez, torturak ez dira garrantzia handiko delituak. Horrez gain, argudio bezala, garai hartan egindako torturak ez zirela sistematikoak izan dio Fiskaltzak; hau da, kasu gutxi batzuk bailiran agertu nahi dute, eta hori horrela ez zela izan jakin badakigu. Nire ustez, nazioarte mailan ahalegina egingo dute errekurtso horiek alde batera utzi eta epaiketa aurrera ateratzeko.
kasu gutxi batzuk bailiran agertu nahi dute, eta hori horrela ez zela izan jakin badakigu. Nire ustez, nazioarte mailan ahalegina egingo dute errekurtso horiek alde batera utzi eta epaiketa aurrera ateratzeko
Zuen familiaren kasuan, Muñecasek berak kide bat baino gehiago torturatu zituen.
Bai, horrela da. Andoni anaia torturatzeaz gain, Josu eta Mikel ere torturatu zituen. Hori dela eta, guk argi daukagu ez zirela tortura kasu gutxi batzuk izan. Frankismo garaian informazioa lortzeko tresna bezala erabiltzen zuten tortura.
Zuen familiaz gain, beste hainbat familiak ere Muñecas epaitzea eskatu dute.
Azaroaren bukaeran 25 bat lagun joan ginen Argentinara; ez Euskal Herritik bakarrik, Espainiako estatutik ere bai. 17 kide ginen Muñecas auzitara eraman genuenak, eta horietatik bost ginen euskal herritarrak.
Zer nolakoa izan zen Argentinan bizi izan zenuten esperientzia?
Oso ondo hartu gintuzten. Maria Servini de Cubria epailearekin berarekin egoteko aukera ere izan genuen. Senatuko gela batean, hango eta Euskal Herriko ordezkariak ere egon ziren. Batzar bat egin genuen eta bakoitzak gure testigantza eman genuen. Guk kontatutako guztia entzun eta gero, Servini epailea gurekin bat egiteko ados agertu zen.
Noiztik zabiltza Andoniren testigantza jaso eta guztia zabaltzen eta salatzen?
Frankismo garaiko torturen aurkako hainbat plataforma daude. Hildako eta desagertutako asko egon ziren, eta hori guztia argitu nahian, hainbat talde gabiltza. Horietako plataforma bat, Goldatu, Francoren diktadura garaiko Euskal Preso eta Errepresaliatuen Elkartea, nirekin harremanetan jarri zen. Bertan, garai batean anaiarekin preso egondakoak daude, eta egindako torturen eta sarraskien inguruan zerbait egin behar zela pentsatu zuten. Goldatun, besteak beste, Andonirekin kartzelan egondako batzuk daude, eta Itziarren semea zela eta ez zela Andoniren tortura kasua bere garaian oso entzuna izan zenez, nirekin kontaktuan jarri ziren. Andoniren testigantza ere jasotzea interesgarria izango zela iruditu zitzaien.
Goldatu taldea zuekin harremanetan jarri aurretik zerbait egin behar zela pentsatzen al zenuten?
Gure kabuz zerbait egin behar genuela pentsatu izan dugu. Gertatutakoa ezin daiteke zigorrik gabe eta ezkutuan geratu. 1977ko amnistiaren legea dela eta, aurretik pasatutako guztia linbo batean geratu zen, erdi ahaztuta. Baina guk ez dugu pasatutakoa ahaztu, eta gure nahia da horrelakorik gehiago ez pasatzea. Horrelako gauzak ezin dira ahaztu; ahazten dena ez baduzu argitzen, berriro errepikatzeko arriskua dago.
Gertatutakoa ezin daiteke zigorrik gabe eta ezkutuan geratu. 1977ko amnistiaren legea dela eta, aurretik pasatutako guztia linbo batean geratu zen, erdi ahaztuta. Baina guk ez dugu pasatutakoa ahaztu, eta gure nahia da horrelakorik gehiago ez pasatzea
Goldaturekin batu ostean, zein pauso ematen hasi zineten?
Beraiek interesgarri ikusi zuten Andoniren kasua zabaltzea eta auzi-jartze bat ipintzea. Egun askotan preso eduki zuten: 22 egun eduki zuten komisaldegian, tarte horretan tortura latzak jasaten.
Zergatik eta non atxilotu zuten?
Ondarroako Garoa tabernan atxilotu zuten, eta Ondarroako Guardia Zibilaren kuartelera eraman zuten. Bertan egun bat edo egingo zituen, eta jipoitu egin zuten, hantxe. Ostean Zarautzera eraman zuten. Garai hartan amnistiaren legea zegoen indarrean, eta, haren arabera, hiru egun baino gehiago ezin zatekeen eduki inor kuartelean atzemanda. Gipuzkoan salbuespen legea zegoen, eta, hari jarraituz, atxiloaldia luzatzeko aukeraz baliatu ziren. Hain zuzen, horregatik eraman zuten Andoni Zarautzera. Lege horrekin eurek nahi zuten beste denbora eduki zezaketen pertsona bat atxilotuta. Astebete inguruz anaia non zegoen jakin gabe egon ginen, eta, azkenean, anaia Zarautzen preso zutela jakin genuen.
Eta zer egin zenuten?
Anaia han zegoela jakin zutenean, aita eta Josu bertara joan ziren, eta hantxe zeukatela baieztazu zieten. Muñecasek anaia zelan zegoen erakutsi zien.
Eta nola ikusi zuten Andoni?
Jaso zituen jipoi guztien ondorioz, ezagutu ere ezin zezaketen egin. Zarautzen zortzi egun edo eduki ostean, Martutenera eraman zuten. Han ordu batzuk egin eta gero, ia bi astez eduki zuten Donostiako Ondarretako kuartelean. Azkenik, Martuteneko kartzelara eraman zuten, eta ama bisitan joan zenean hari kontatu zizkion atxilotuta egon zenean jasan zituen jipoi eta tortura guztiak.
Garai hartan torturak egon zirela zabaltzen eta hemen zer pasatu zen jakinarazten jarraituko dugu. Tortura horiek egon zirela onartzea ere gustatuko litzaiguke.
Etorkizunean zer egingo duzue?
Garai hartan torturak egon zirela zabaltzen eta hemen zer pasatu zen jakinarazten jarraituko dugu. Tortura horiek egon zirela onartzea ere gustatuko litzaiguke. Hori onartuz, egia argituz, eta, ahal bada, torturak egin zituztenak epaituz gero, onena litzateke. Nire ustez, frankismoaren amaierarik ez zen egon, ez behintzat benetako amaierarik, oraindik ere haren mamuek eta ondorengoek jarraitzen baitute. Ondorengo horiek indar handia dute, eta pasatu zena argitzeko asmorik ez dutela agerian dago.
ABESTIA: Itziarren semea (Pantxoa eta Peio)