
Herrizaingo Sailak ohartarazi duenez,
lapurretak egin dituzte azken egunetan Lea-Artibaiko etxebizitza batzuetan.
Pertsona nagusien etxebizitzetara sartzen dira lapurrak,
gasaren berrikuspena egitera edo matxura bat konpontzera doazela esanda. Etxebizitzara sartzea lortuta, aukera izanez gero, bitxiak eta dirua eramaten dute.
Ertzaintzak, oraingoz,
bi delituren jakinarazpena izan du,
biak Markina-Xemeinen. Lehenengo kasua apirilaren 25ean gertatu zen: emakume baten etxebizitzara sartu ziren bi gizonezko, eta urrezko bitxiak lapurtzea lortu zuten. Iturginak zirela eta uraren iragazpen bat konpondu behar zutela esan zioten aitatutako emakumeari. Bigarren lapurreta atzo gertatu zen: 3.000 euro inguru ostu zuen ustezko lapurrak, etxe jabearen deskuidu bat aprobetxatuta. Delituaren ustezko egileak gas enpresa bateko langilea zela esan zion biktimari. Gertaera horien harira, Ertzaintzak kontu handiz ibiltzeko gomendioa egin du, eta gogoratu du zerbitzu tekniko ofizialek egin ditzaketela bakarrik berrikuspenak eta gehienetan etxebizitza jabeak kontratatzen duela haien zerbitzua. «Normalean, gainera, instalazioaren azterketa egitera datozela esaten digute aurretiaz». Herritarrei aholkatu nahi izan die edozein zalantza izanez gero, beraien gas enpresarekin harremanetan jar daitezela, ustezko langile horiek diotena egia ala gezurra den jakiteko.